euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio Coloradoko Ibaiko Euskaldunak-ek ikastaro eta tailer aukera zabalarekin hasiko du 25 urte betetzen ari den urtea

2025/02/25

Helduentzako "Entrenamendu Ludiko Kognitibo”ko taldea eta iaz egindako Gabonetako panpinagintza oinarrizko ikastaroaren irudiak
Helduentzako "Entrenamendu Ludiko Kognitibo”ko taldea eta iaz egindako Gabonetako panpinagintza oinarrizko ikastaroaren irudiak

PUBLIZITATEA

Rio Colorado, Argentina. Aurtengoa urte berezia izango da Rio Coloradoko Euskal Etxearentzat. Bere estatutuek diotenez, Ibaiko Euskaldunak elkarteak zilarrezko ezteiak egingo ditu apirilaren 15ean. Laster iragarriko duten ospakizun egitarauaz harago, erronka interesgarriak iragarri dituzte 2025erako. Tailer eta ikastaro oso eskaintza zabal batekin hasiko dute ikastaurte berria. Eta, zuzenean euskal kulturari dagokionez bereziki, haurren talde bat osatu eta euskara eskolak hasteko asmoa dute.

Haurren taldea osatzeko asmoa aspalditik dator. Baina Patagoniako distantziek ez dute laguntzen ametsa betetzen. Ez da erraza aurkitzea inguruko euskal etxeetatik Rio Coloradoraino etor daitekeen irakaslerik. «Lanean hasteko adina ume ditugu, baina, oraingoz, hizketan ari gara eta oraindik ezin dugu jarduera baieztatu», adierazi dio EuskalKultura.eus-i izen osoa Ibaiko Euskaldunak 'Rubén Kepa Etulain'.izena duen Euskal Etxeko lehendakari Elsa Mengellek. Hala ere, gazteak gogoan, eta aurretik ere egin izan duten bezala, hainbat euskal kultura gairi buruzko hitzaldiak emateko eskaintza helarazi diete beste behin bertako hezkuntza-erakundeei. Horretaz gain, laster ekingo diote berriz, orain artean erantzun bikaina lortutako Euskal Zinema zikloari.

Tailer eta ikastaro ugari

Datorren astelehenean, martxoaren 3an, Euskal Etxeak indarberriturik ekingo die aurtengo jarduerei. Esku-lanak gustuko dituztenentzat, panpinagintza ikastaroa antolatu da. Josteko teknika desberdinak, oihalak margotzea, moldatzea eta aurpegien formak marrazten irakatsiko dituzte, souvenirrak eta panpinak egiteko. Gorputzaren ongizaterako, yoga eta meditazio eskolak proposatuko dira, baita sukaldaritza osasungarriari buruzkoak ere. 40 eta 60 urte bitarteko helduentzat, heziketa ludiko kognitiboa lantzeko tailer bat eskainiko da, eta beste bat 60 urtetik gorakoentzat. Eta, dantzaz gozatzeko, erritmo latino eta dantza folkloriko klaseak. Hileko kuota 15.000 pesokoa da, eta interesa dutenek garaiz dabiltza oraindik. Era berean, Euskal Etxea prest dago proposamenak jasotzeko bere egoitzan (Roca 157) jarduera aurrera eramateko interesa izan lezaketen aldetik. «Pozik gaude oso egiten ari garenarekin eta honen emaitzekin, eta gero eta gehiago ari gara hazten», diosku baikor Elsa Mengellek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia