euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ricardo Basterrak eta Marta Abarrateguik osatutakoa FEVAko hauteskundeetarako zerrenda bakarra

2012/04/11

2010ean osatutako FEVAko Zuzendaritza Batzordea (argazkia EuskalKultura.com)
2010ean osatutako FEVAko Zuzendaritza Batzordea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Apirilaren 14an goizeko 9:30etan eta Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxearen egoitzan burutuko da Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna-ren (FEVA) Urteko Ohiko Biltzar Orokorra. Bilkuran hauteskundeak gauzatuko dira Federazioaren lehendakaria, idazkaria eta Zuzendaritza Batzordeko beste hainbat kargu berritzeko. Erakunde euskal argentinarretik jakinarazi digutenez, zerrenda ofiziala aurkeztu da bakarrik. Ustekabe handirik gabe, beraz, Ricardo Basterra lehendakariak, Marta Abarrategui idazkariak eta Hugo Andiazabal diruzainak berrautatuak izatea espero.

Buenos Aires, Argentina. Hiriburu federaleko Belgrano kaleko Laurak Bat-en egoitzan elkartuko dira datorren larunbatean FEVA Federazioak baitaratzen dituen Argentinako euskal etxeetako kideak erakundearen agintari goren berriak hautatzeko. Aurreko bi aldietan ez bezala, zerrenda bakarra antolatu da aurtengo hauteskundeetan. Gogora dezagun 2008an, ofizialaz aparte, Alejo Martin buru zuen 'EEak Alternatibaren Alde' zerrenda aurkeztu zela baina ez zuela boto kopuru nahikoa lortu lehendakaritza bereganatzeko. Horren ostean, 2010ean, Martinen eskutik ere eta ‘Renovacion Vasca’ izenarekin sortu zen zerrenda azken momentuan erretiratu zen hauteskundeetatik. 

EuskalKultura.com-ek Ricardo Basterra eta Marta Abarrateguirekin hitz egin du, hasteko hautagaitzak aurkezteaz. Esan digutenez, “beste zerrendaren bat antolatzeko inongo asmorik izan bada, gu behintzat ez gara enteratu. Dakiguna da zerrendak aurkezteko epea bukatu zenean, gurea bakarrik zegoela. Datorren larunbatari begira, gure asmoa da bileran ahalik eta partaidetza handiena bultzatzea, baina ondo dakigu distantziak ez duela laguntzen”. “Beste alde batetik, biltzarraren ostean liburuzainen bilera egingo da eta erantzun ona izatea espero dugu”, azpimarratu du Basterrak.

Larunbateko bilkuran berrautatuak izatea xekatuko duten lehendakari-idazkariak bi urte daramatzate FEVAko kargu horietan eta honako balantzea egiten dute euren agintaldiaz: “Adostasun eta partaidetza handia egon da. Kari horretara abertzaletasuna indartu ahal izan dugu, beti errespetu giroan. Guztien ahotsa eta pentsaera entzun da. Proiektuekin ere aurrerapen handia lortu da, euskaldunontzat hain garrantzitsua den hainbat arlotan, adibidez euskara, dantza, pilota eta, oro har, kulturari buruzko gaietan. FEVA eta euskal etxeen arteko loturak ere sendotu egin dira. Izan ere, FEVAko ordezkariok Argentinako euskal etxe anitz bisitatu ditugu”.

Europako krisialdi ekonomikoa eta honek FEVAn izan dezakeen eragina ere aipatu dute Basterra eta Abarrateguik EuskalKultura.com-ekin izandako solasaldian eta, egoeraren larria onartu arren, baikorrak agertu dira gaiaren aurrean: “Krisialdiak baliagarriak izan ohi dira geure indarra hobeto ezagutu eta baliabide berriak sortzeko”, adierazi digute aho batez egungo lehendakari-idazkariek. Are gehiago, “duela bi urte hasi gara aurrekontuetan murrizketak pairatzen eta hala ere oztopoak gaindituz aurrera goaz. Argi dago guk jasotzen ditugun diru-laguntzengatik krisia ez dela larriagoa izango eta aldi berean aurrekontu horiekin lan handia egiten dute FEVAk eta euskal etxeek euskal kulturaren alde Argentinan. Prest gaude proiektuekin jarraitzeko”.

Ezusterik ezean, egun gutxi barru hasiko dute euren bigarren agintaldia, orain arte egindakoan sakontzea helburu duena. “Asmoa programekin jarraitzea da. Proposamen berriak ere baditugu baina batzordea izendatu ondoren jakinaraziko ditugu batzordekide berrien iritzia ezinbestekoa baita martxan jarri ahal izateko”. “Programa eta proiektuak oso garrantzitsuak dira, batez ere epe luzerako direnean. Ekimenek pertsonak gainditu behar dituzte; gu pasatu egiten gara erakundeetatik baina proiektuek jarraitu behar dute”, diosku Ricardo Basterrak.

Hona, datorren larunbatean aurkeztuko den hautagai zerrenda [izena, zein kargutarako aurkezten den eta zein euskal etxeren izenean adierazi dugu, hurrenez hurren. Hiru kargu nagusien kasuan, ez dira euskal etxearen izenean aurkezten, kargu pertsonalak baitira (hala ere, zein euskal etxetik datozen ipini dugu). Kargu guztien agintealdia bi urtekoa da, kontu ikuskatzaileak kenduta, hauena urtebetekoa baita]:

-Ricardo Mario Basterra (lehendakari), kargu pertsonala (Zelaiko Euskal Etxea, Santa Rosa)
-Marta Abarrategui (idazkari), kargu pertsonala (Euskaldunak Denak Bat, Arrecifes)
-Hugo Andiazabal (diruzain), kargu pertsonala (Arbola Bat, Junin)

-Batzordekide titularra, Javier Ederra, Union Vasca, Bahia Blanca
-Batzordekide ordezkoa: Miguel Irazusta, Union Vasca Bahia Blanca

-Batzordekide titularra, Eduardo David Aguirre, Gure Ametza, Rio Cuarto
-Batzordekide ordezkoa: Pablo Gabriel Cufre, Gure Ametza Rio Cuarto

-Batzordekide titularra, Nelida Apesteguia, Zazpirak Bat, Rosario
-Batzordekide ordezkoa: Alejo Conti, Zazpirak Bat, Rosario

-Batzordekide titularra, Maria Ines Ostolaza, Denak Bat, Lomas de Zamora
-Batzordekide ordezkoa, Begoña Lentini Ordoqui, Denak Bat, Lomas de Zamora

-Kontu ikuskatzailea, Julio Vicente Esnaola, Euskal Etxea, Villa Mercedes
-Kontu ikuskatzailea, Monica Mercedes Azpiazu, Lagunen Etxea, Laprida
-Kontu ikuskatzailea, Maria Angeles Oñederra, Toki Eder, Jose C Paz

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia