euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ricardo Basalduak, Pedro de Basalduaren semeak, Laurak Bat bisitatu du Sara Pagola eta Gorka Álvarezekin batera

2023/07/18

Arantxa Goikoa, Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari, eta Ricardo Xavier Basaldua, Eusko Jaurlaritzako Ordezkari Pedro de Basalduaren semea, haren aitaren izena daraman Laurak Bateko areto nagusiaren aurrean
Arantxa Goikoa, Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari, eta Ricardo Xavier Basaldua, Eusko Jaurlaritzako Ordezkari Pedro de Basalduaren semea, haren aitaren izena daraman Laurak Bateko areto nagusiaren aurrean

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Joan den ostegun goizean, uztailaren 13an, bisita luzatu zioten Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxera Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagolak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk eta Pedro de Basalduaren semea den Ricardo Xavier Basalduak. Pedro de Basaldua Agirre Lehendakariaren idazkari pribatua eta Eusko Jaurlaritzaren erbesteko ordezkaria izan zen Argentinan 1951etik 1975ra.

Kortesiazko bisita izan zen, eta Laurak Bateko lehendakari Arantxa Goikoak egin zien harrera. Goikoarekin batera, Ricardo Basalduak txikitan aitarekin hamaika aldiz ibilitako Euskal Etxeko bazterrak bisitatu zituen, gomutan atxikitako aspaldiko pasadizoak gogora ekarriz. Ikustaldia bukatutakoan, Laurak Bat Euskal Etxeko Haritz jatetxean bazkaldu zuten.


R. Basaldua,S. Pagola eta G. Alvarez Laurak Bateko "Pedro de Basaldua" aretoan, Arantxa Goikoak berak egindako argazkian

“Une atsegina izan zen, gertaera historikoak gogoratu genituen eta nola bizi izan genituen haurtzaroan. Guretzat normala zen Pedro Basalduakoa Laurak Batean ikustea. Haurrak ginen eta ez ginen jabetzen gizon harek Euskal Herriaren historian zeukan garrantziaz, benetan garrantzi historiko handiko pertsona izan baitzen”, aitortu dio EuskalKultura.eus-i Arantxa Goikoak.

1906an Barakaldon (Bizkaia) jaioa, Pedro de Basaldua kazetari, politikati eta idazlea izan zen, Euzko Alderdi Jeltzaleko lehendakariorde eta kide nabarmena. Euzkadiko Gobernuaren ordezkari, 1942an iritsi zen Argentinara eta bertan bizi izan zen 1985ean hil zen arte. Instituto Americano de Estudios Vascos-en sortzaileetako bat izan zen, liburu askoren egilea, baita Buenos Airesen argitaratutako “Euzko Deya, La voz de los vascos en América” aldizkariko zuzendaria eta Argentinako Idazleen elkarteko kidea ere, besteak beste.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia