euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ricardo Arambarri AEBetako telebista izar euskaldunak euskal detektibearena egingo du bertako telesail batean

2007/12/28

Ricardo Aramberri (argazkia EuskalKultura.com)
Ricardo Aramberri (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Venezuelako familia euskaldun batean jaio eta duela pare bat hamarkada aldatu zen Estatu Batuetara Ricardo Arambarri kazetaria, bere bizitza profesionala bertan arrakastaz garatzeko. Profesional laudatua eta Univision kanaleko 'Primer Impacto' saioko aurkezle den Arambarrik Julian Arrambide (irakurri Iulian Arranbaid) detektibe euskaldunarena egingo du HBO kable kanala datorren abuztutik aurrera emititzeko prestatzen ari den telesailean. Soap opera ('kulebroi') berriko zati bat Euskal Herrian gertatzen da, bertakoak baitira protagonistaren arbasoak. Bizitza errealean euskara, ingelesa eta espainola mintzo dituen Ricardo Arambarrik aurreratu duenez, kapituluetako batean bere pertsonaia Euskal Herrira bidaiatu eta 'bertan aurkituko ditu Floridan zabalik duen kasuari irtenbidea emateko beharrezkoak izango dituen kemena eta balioak (values)'.
Telesail honetan parte hartzearekin, Arambarrik lehen aldiz ekingo dio aktoretza arloko lan bati, telebista arloan aurpegi ezaguna bada ere, kazetaritza eta aurkezle lanak izan baitira orain arte gauzatu dituenak, nahiz eta horietako batzuetan egiazki gertatutako pasadizoen kamera aurreko berregitea egokitu zaion. Venezuelan jaiotako euskalduna, Estatu Batuetan lehenik New Yorken eta ondoren Floridan garatu du berak karrera profesionala, azken estatu honetan modu berezian Univisioneko 'Primer Impacto' saioari lotua.

Sariei dagokienez, gazte-gazterik eta 1991ean, New Yorken zegoela, lortu zuen Etxeorratzen Hiriko ACEk (Ikuskizun Kronikarien Elkarteak) ematen duen saria 'Telebista erreportari nabarmenena'ri. Baina seguruenik prestigiorik gehien ekarri diona, 2002an Estatu Batuetako Telebista Arte eta Zientzietako Akademiak banatzen duen Emmy baterako izendapena izan da, hain zuzen ere 'Primer Impacto' saiorako egin zuen erreportaia bategatik.

Julian Arrambide ikertzaileari arima jarriko

Arambarrik EuskalKultura.com-i adierazi dionez, ilusio handiz hartu du proiektua, erronka berria delako, batetik, baina baita bere euskal erroekin lotzen duelako ere. Berak antzeztuko duen pertsonaiarekin antzekotasunik baduen galdetuta, biak jatorria Bizkaiko kostaldean daukatela esan du, 'baina ez besterik'. Berak egingo duen Julian Arrambide euskal jatorriko polizia inspektore estatubatuarra, ikerlari lanetan ibiliko da John Guzurraga senadore kaliforniarra Floridan hilik aurkitu eta gero, juxtuan politikaria lehenengo aldiz Euskal Herrira bidaiatu behar zuenean aitaren jaioterri zen Arralde, Bizkaiko kostaldean, ezagutzera.

Hariak bete-betean aipatu eta ikutzen du Euskal Herria eta bertakoak dira filmaren protagonistaren arbasoak zein Arambarrirenak. Euskal jatorrizko pertsonaiari arima jarriko dion kazetaria ongi baino hobeto moldatzen da bere bizitza pribatuan euskaraz, ingelesez zein gaztelaniaz eta harreman estua mantentzen du bere erroekin eta kulturarekin. Pertsonaiaren kasuan ere, nonbait Euskal Herrian aurkituko omen ditu 'Floridan zabalik duen kasuari irtenbidea emateko beharrezkoak izango zaizkion kemena eta balioak (values)', diosku Arambarrik.

Tomas Arana, Dave Bieter eta Olatz Arrieta

Telesailak partaide izango ditu baita ere orain artean ia ehun filmatan aritu izan den Tomas Arana (Auburn, Kalifornia, 1955) aktore euskalamerikarra, tartean Quintus-ena eginez bost oskar irabaki zituen 'Gladiator' filmean, Lazarorena eginez Martin Scorseseren 'Kristoren azkeneko tentaldia'n, edota Loginov-ena 'Urri Gorriaren ehiza' filmean... aktore arituko da baita ere Dave Bieter Boiseko alkatea, zeinak 2005ean taula gaineko lehenengo urrats batzuk eman baitzituen Boisen 'Carmen' operan parte hartuz; eta honelako saltsa batean lehengoz arituko den Olatz Arrieta kazetari eta ETBko korrespontsala Estatu Batuetan, azken hau bere burua antzeztuz saileko kapituluetako batean.

Proiektuaren euskarazko telebista emisio eskubideak , eta espainol eta frantsesezkoak Espainian eta Frantzian Euskal Telebistak hartu ditu bere gain. ETB izango da baita ere grabaketa Euskal Herrian, Bizkaiko kostaldeko Arraldean gauzatuko den kapituluan sostengu teknikoa eskainiko duena. Hedakuntza mundu osoan segurtatu duen honelako lehenengo produktua izango du hau Euskal Telebistak. Emaitzen arabera segida ere izan dezake, datorren urteko abenduaren 28an, seguruenik.


Lotura interesgarriak

Ricardo Arambarriren argazkiak
TVHeads.com webgunean

Ricardo Arambarriren izendapena Emmy baterako 2002an
Univision telebista kateko orrialdean

Tomas Arana aktore euskal estatubatuarraren webgunea
www.tomasarana.com

Boiseko alkate Dave Bieter, Carmen operan partaide (gazt.)
2005eko otsailaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana

Elkarrizketa Olatz Arrietarekin
En Euskaraz. net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia