euskal diaspora eta kultura
2011/06/16
PUBLIZITATEA
Providence, AEB. Estatu Batuetako estaturik txikiena da Rhode Island, baina bertan eta ondoko Connecticut-en, New York ondoan, euskal pilotari multzo batek eta euren familiek bizileku topatu zuten, jaialaia oraindik ere gailurrean zegoenean Estatu Batuetan, bertan egon ziren jaialai kantxetan. Jaialaia joan zen eta pilotarietako asko itzuli ziren Euskal Herrira, baina beste batzuk hemen gelditu ziren. Horiek eta beste euskal lagun batzuek, biltzen hasita, 2003an elkarte formala eratu eta geroago, 2010ean, legearen aurrean irabazki asmorik gabeko elkarte gisa antolatu dira, izan ere segida hobea eman ahal izateko eurentzat eta euren seme-alabentzat gorde nahi duten euskalduntasunari.
Honi guztiari buruz asko daki Roberto Guerenabarrena elkarteko lehendakariak. Euskal ohiturak gordetze horretan, ospatu berria dute, joan den maiatzean, Txitxiburduntzi festa, Euskal Herriko leku batzuetan Inauteri garaian Garizuma eta Hausterre egunaren aurretik segitzen den ohitura bat, zerriaren hilketari lotua eta zerriaren mozkinak janez egiten den elkarretaratzea.
Riki Lasaren etxean egin da. IJAPAko lehendakari gisa ezagun egin zenak urte askotan antolatu izan ditu elkarretaratzeak bere etxean eta aurtengoan Txitxiburduntziarekin bildurik, aitzeki ezin hobea izan da lagunak etxera bildu eta txorizo eta saltxitxak, zerria eta zerrikiak alegia, erre eta elkarrekin dastatzeko. Rhode Island eta Connecticutetik inguratu dira jendeak bestarako. Bileran zehar herri kirol batzuk ere praktikatu dira, hala nola aizkora eta Txingaerutea. Deialdia ez zen, beraz, zuzenean Euskal Etxeak egina, baina euskal etxekoak partaide ziren eta, hain zuzen, bertaratutako gehienak EEko bazkide ziren.
Rhode Island Basque Club delakoak 62 kide dauzka gaur egun, baina abuztuaren 28an egin behar duen urteroko biltzarrerako 100 lagunetara iristeko erronka ezarri dio bere buruari. Elkartea, bestalde, lanean ari da paperak prestatzen Eusko Jaurlaritzak ofizialki harrera eman diezaion euskal etxe gisa, NABOri dagokionez joan den otsailetik NABOko kide baita. Oraingoz interneten badute presentzia, euren webgunea medio, eta Facebook-en ere badaude.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus