euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rhode Island-eko euskal etxe estatubatuarrak egitarau zabala dakar 2012rako; igandean, Aberri Eguna

2012/04/13

Rhode Island-eko Euskal Etxeko kideak iazko Aberri Eguneko ospakizunean (argazkia RhodeIslandEE)
Rhode Island-eko Euskal Etxeko kideak iazko Aberri Eguneko ospakizunean (argazkia RhodeIslandEE)

PUBLIZITATEA

Rhode Island-eko Euskal Etxea gogotsu ari da lanean eta makina bat ekimen eta egitasmo sustatzen dabil 2012 honetan. Elkarte gazteak datorren igandean ospatuko du Aberri Eguneko jaia eta, bide batez, aurtengo besta eta ekitaldien egitaraua gogorarazi du euskal etxearen newsletter edo buletinaren bitartez. Abian dituzten egitasmoen artean aipagarriak dira Portsmouth-eko Liburutegian ematen diren euskara eskolak (doan eta edonori irekiak) eta "Senior Project Scholarship" delako beka: eskola proiekturako euskal gaia aukeratzen duten ikasleentzako dirulaguntza.

Newport, AEB. Rhode Island-eko Euskal Etxeak New Yorketik Iparraldera dagoen Newporteko Jai-Alaiko pilotariek sortu zuten 2003an, frontoia itxi zenean. Orduan, pilotari asko Euskal Herrira bueltatu ziren, baina Estatu Batuetan gelditzea erabaki zuten familiek elkartea jarri zuten abian. Iaz gerora begira urrats berriak ematea deliberatu eta NABOk, Ipar Amerikako euskal etxeen federazioak, onartu egin zuen elkartea kide bezala, eta harrezkero, makina bat ekimen ari da burutzen.

Datorren igandean, adibidez, Aberri Eguneko jaia iragarri dute Rhode Island-eko euskaldunek. Hitzordua Knights of Columbus (Colon-en Zaldunak) klubean da, eguerdian hasi eta ilunabarra arte. Haur eta gazteentzat jolasak egingo dituzte eta New England-eko Lehenengo Mus Txapelketa jokatuko da. Jaia izango da nagusi, baina lanerako tartea ere utziko dute elkarteko kideek; izan ere, lokal bat alokatzeari buruzko informazioa banatuko da bazkideen artean.

Izan ere, apirilaren 1ean egin zen bilkuran elkarteko kideek lokala alokatzea proposatu zuten, eta orain euskal etxea leku egoki baten bila ari da. Elkarteko jarduerak leku egoki batean egin ahal izatea da Rhode Islandeko euskaldunen asmoa: euskara ikastaroak, afari eta bazkariak, bilerak, hitzaldiak, zine emanaldiak, pilota edo futbol partidak ikusteko bilkurak... Elkartea aukerak aztertzen ari da eta aurki proposamen bat bidaliko die bazkideei.

Euskal ikasketak

Bestalde, elkarteak sustatzen dituen ekimenen artean aipagarria da Senior Project Scholarship delakoa. Euskal Etxeak ehun dolarreko beka eskaintzen die institutuko proiektuetan Euskal Herriarekin lotura duen gaia aukeratzen duten ikasleei (informazio gehiago, nebasque@aol.com helbidera idatziz). Diru kopurua apala bada ere, euren inguru estatubatuarrean euskal kultura ezagutarazi eta sustatzeko era polit eta interesgarria da.

Elkarteak 2012rako iragarri dituen ekimenak honakoak dira:

-Aberri Eguna: heldu den igandean.
-Txitxiburduntzia: maiatzaren 19an.
-San Juan jaia: ekainaren 23an.
-San Fermin Jaia eta Bazkideen afaria: uztailaren 7an.
-Udako Piknika eta Bazkideen Urteroko Bilkura: abuztuaren 25ean.
-Sukaldaritza tailerra eta bazkideen afaria: irailean (data zehaztezke).
-Euskal zine saila-I: irailean (data zehaztezke).
-Hitzaldia: Megan Echevarriaren eskutik, "New historical perspectives on "Bilbao-New York-Bilbao", by Kirmen Uribe": urria (data zehazteke). 
-Euskal zine saila-II: urria (data zehazteke). 
-Sukaldaritza tailerra: azaroa (data zehazteke). 
-Euskal zine saila-III: azaroa (data zehazteke). 
-Euskal zine saila-IV: abendua (data zehazteke).
-Eguberri jaia (Santo Tomas): abenduaren 16ean.

-Rhode Island-eko Euskal Etxearen webgunea, hemen

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia