Concordia, Argentina. Concordian bertan jaioa, Miguel Angel Etcheverry sendagileak (1905-1974) Buenos Airesen Medikuntza ikasi eta Histologia eta Hematologiako erreferente bihurtu zen Argentinan eta nazioartean. 1970an Medikuntza Akademia Nazionaleko kide izendatu zuten, batez ere odol-taldeen eta RH faktorearen inguruan egindako ikerketengatik. Gai honi buruzko hainbat ikerlan argitaratu zituen, tartean “RH faktorea Argentinan bizi diren iberiar eta italiar jatorrizko pertsonengan” (Buenos Aires, 1947), eta “Odol-taldeak eta RH Faktorea euskal jendearengan” (Buenos Aires; Zarautz, 1959), Concordiako 'El Heraldo' egunkariak artikulu batean nabarmendu duenez.
Sortzez argentinarra, ama gipuzkoarra zuen Etcheverryk, Aizarnazabalgoa, eta aitaren aldetik Baigorriko nafar arbasoen ondorengo zen. Edo ‘El Heraldo’ren esanetan, "Entre Rios probintziara iritsitako euskal etorkinen seme izan zen; garia erein eta ‘mediku uzta’ atera zuten etorkinen seme”. Arbaso horiek landatutako zientziarekiko eta erroekiko atxekimendua ez zen bere belaunaldian agortuko. Izan ere, Miguel Angelen alaba ere, Maria Elena Etcheverry, mediku atera zen, eta euskaltzalea, izan ere euskal kulturaren zabaltzaile nagusietako bat Argentinan.
Argentinako euskal gizataldean oso ezaguna den Maria Elena Etcheverrryk aitaren bidea jarraitu zuen eta medikuntzan eta irakaskuntzan aritu zen erretiratu arte, inmunohematologia landuz. Euskal Kulturaren arloan euskara eta euskal kultura ikasi eta irakatsi izan du eta jakina da bere konpromiso euskaltzalea, zenbait elkarteren bidez bere bizitzan zehar, baina batez ere azken urteotan Ekin Argitaletxeko eta Eusko Kultur Etxeko arduradun gisa Buenos Airesen.
Lizarraenea da, Buenos Aires Hiriko Mexico 1880 helbidean, Ekinek eta Eusketxek partekatzen duten egoitza. Ekin Euskal Argitaletxea, Euskal Herritik Argentinara erbesteratu ziren Andres María de Irujo Ollok eta Ixaka Lopez Mendizabalek 1942an sortutako ekimen bera da. Etcheverry eta Irujo 1979an ezkondu ziren eta Irujo 1993an hiltzean, Maria Elenak hartu zuen bere gain. Gaur egun Ekinek segitzen du euskal kulturari lotutako izenburuak argitaratzen.
Miguel Angel Etcheverryri buruzko 'El Heraldo'ko artikulua, hemen.