Reno, AEB. Joan den astean bukatu zen Nevadako Renon NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Federazioko Udaleku, ehun haur eta gaztetxo partaide, eta arrakastaz, bozkarioz eta tristuraz bukatu zen, urtero bezala, beti ere sentimentu kontrajarriak pizten baititu batetik zeure familia bi astetan ikusi gabe egon ondoren berriz ikusi eta gurasoak eta anai-arrebak berriro besarkatzeak, baina aldi berean Udaleku amaitu dela konturatzeak esan nahi du bi astez egindako laguntxo berriei --seguruenik bizi zaren herri edo estatutik ehundaka edo milaka kilometro batzutara bizi direnei--, bi astetan ia 24 orduz lagunmin eta bizikide izan dituzunei gutxienez beste urtebeterako agur esatea, datorren urteko Udaleku arte, eta despedida guztiak dira triste, prefosta!
Urtero ohi denez, 'Azken emanaldia' edo 'Last performance' izan zen 2018ko Udalekuk ere egitarautu zuen azken ekitaldia. Joan den ostiralean izan zen, aurtengoan ia bi astez egoitza izan duen Renoko St John's Presbyterian Church-en instalazioetan, arratsaldeko zazpietatik hasita. Emanaldian, Udalekun parte hartutako hau eta gazteek bi asteotan ikasitakoarenlagin bat erakutsi zieten euren bila etorritako guraso eta familiakideei, dantzan, kantuetan, euskara arloan, jolasetan... Harro, ikasitakoa erakusteagatik, baina jakinik Udalekuko azken eguna zela, eta emanaldiaren ondotik, bertan afaldu eta udalekukide bakoitza bere etxera bere familiarekin joango zela.
NABO Udaleku bat ezagutzen ez dutenentzat, Azken Emanaldiaren bideoa ekarri dugu hona. Eskerrak eman behar dizkiegu Udalekuko zuzendari Kate Caminori, bideoaz arduratutako Lisa Corcostegui-ri, eta Udalekuren aurtengo edizioa posible egin duten familia eta langile bolondres guztiei, baita haurrei eta euren gurasoei ere, guztioi esker lantzen baitu NABOk bere buruaren eta Ipar Ameriketako euskaldungoaren etorkizunari lotutako oinarrizko ekimen baliotsu hau.
[Irudia, Lisa Corcostegui: ekarpenak Carmen Mendez Achaval, Ana Mendiola, Jennifer Etcheverry, Dominica Zubillaga eta bolondres gehiago]