euskal diaspora eta kultura
2009/02/09
PUBLIZITATEA
Reno, Nevada, AEB. Leroy Arrascada legelariak --izan ere 1966an Zazpiak Bat-eko lehenengo lehendakaria izan zenak-- bere gain hartu zuen Louis' Basque Corner-era bildutako lagunei hitz batzuk esateko ardura eta, besteak beste, bere harridura eta sorpresa zinez ona azaldu zuen sekula santan ez baitzuen pentsatuko bera lehendakari izan eta berrogei urte pasata bere alaba --Christine Arimini-- bertako Euskal Etxeko zuzendari hautetsietako bat izango zenik.
Renoko Euskal Etxeak urtero urtarrilean egiten du Zuzendaritza Batzorde zaharraren eta berriaren arteko lekukoaren pasatzea, eta aurtengoan horrek berrikuntza ere ekarri du, zenbait urtez Javier Narvarte presidente izan eta gero Kate Camino hautatu baitute lehendakari berri. Kate Caminok Javier Narvarteren sostenguarekin beteko du bere lana, orain arteko presidenteak batzordekide bezala segitzen baitu Zazpiak Bateko Zuzendaritzan. Lehendakri karguarekin batera, honako beste kargu hauek ere hautatu ziren: Pedro Oiarzabal, lehendakariorde; Margurite Wilson diruzain; Mary Lou Urrutia NABO ordezkaria; eta batzordekide gisa Christine Arimini, Jennifer Etcheberry, Marylou Etcheberry, Joxe Mallea, Cheri Valcarce Sarratea eta Manny Vilanueva.
Aurreko buruzagitzatik segitzen dute Jack Yturiagak eta Tori Simcoe-k, agintealdia ez baitaukate amaitua batzordekide eta NABO ordezkari legez hurrenez hurren (bi dira NABO ordezkariak). Lauri Narvarte, bestalde, idazkari izendatua izan zen, kargu hori hauteskundeetan hutsik gelditu ostean. Buruzagitza berriak lan berezia egin behar izango du aurtengoan, Reno NABO Biltzar eta Elkarretaratze Nagusiko egoitza izango baita uztailaren 23-26 bitartean, eta Zazpiak Bat Euskal Etxea antolatzailekide izango baita Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Mintegiarekin batera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus