euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko Unibertsitateko Euskal Mintegiaren 40 urteotako kronika egiten duen liburua aurkeztuko dute gaur Renon

2007/11/14

Renon bizi den eta bertan doktoradutza aterea duen Pedro J. Oiarzabal historialari bilbotarra
Renon bizi den eta bertan doktoradutza aterea duen Pedro J. Oiarzabal historialari bilbotarra

PUBLIZITATEA

A Candle in the Night: Basque Studies at the University of Nevada, 1967-2007 ('Kandela bat gauean: Euskal Ikasketak Nevadako Unibertsitatean, 1967-2007') du izena liburuak, eta elkarrizketen eta zuzeneko lekukotasunen bidez Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) Euskal Mintegiaren [hala bataiatu zuten hasiera batean euskaraz, beste batzuk Euskal Ikasketen Programa esaten zutena] ibilbidea libururatzen du, koordinazio eta editore lana Pedro J. Oiarzabal historialariak harturik. Liburua gaur bertan aurkeztuko da Renon, Nevadako Unibertsitateko Ahozko Historia Programaren eta Center for Basque Studies (CBS) beraren eskutik.
Liburua gaur arratsaldez aurkeztuko dute Renon, Nevada-Renoko Unibertsitateko (UNR) Ahozko Historia Programak eta Euskal Ikasketen Zentruak (CBS) berak antolatutako ekitaldian. Bi erakunde hauetako partaide da eta bigarrenarekin doktoradutza egina du Euskal Ikasketetan Pedro J. Oiarzabal historialari bilbotarrak, azken urteotan Renon bizi izanik Euskal Diasporaren alorrean espezialdu den ikertzaileak.

Sortu zenean Basque Studies Program zen eta duela zazpi bat urte ingeles izena Center for Basque Studiesera aldatu zuen Zentruak aurten berrogei urte bete dituelarik, ibilbide luze horren kronika egitea hartu du hain zuzen helburu Pedro Oiarzabalek lan honetan eta lan hori, izan ere, hogeita hamar urteotan protagonista eta lekuko izan ziren hainbat jenderi elkarrizketak eginez antolatu du, haiei eta heien oroitzapen eta kontaketei bide emanez. Ber denboran, liburuak ez du soilik CBSa aipatzen, ama-instituzio horretatik ateratako eta gaur egun bizitza independentea daukaten beste erakunde batzuen historia ere biltzen baitu. Horien artean daude, konparazio, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegia, Nevadako Unibertsitateko Argitaletxeko Euskal Bilduma eta USAC, ikasle ipar-amerikarrak AEBetatik kanpo ikasketa programetan bidaltzen dituen partzuergoa. Azken hau, esaterako, ikasleak Euskal Herrira bidaltzen hasi zen eta gaur egun Estatu Batu osoko unibertsitateetako ikasleak munduko 29 herrialdetara bidaltzen ditu. [Goi ezkerreko irudian, liburuaren azala]

Aurkezpen egitaraua

Gaur arratsaldez egingo den aurkezpenaz gain, beste bi iragarri dira datozen asteotarako, Renon. Horietarik lehena azaroaren 29an izango da, arratsaldeko 5:30etatik 7:30etara, Sundance liburudendan, bertan, Pedro J. Oiarzabalez gain, elkarrizketatu eta lekukotasun emaile izan diren Kate Camino, Joxe Mallea-Olaetxe eta Marc Ugalde arituko direlarik; abenduaren 6an, berriz, ordu berean, hitzordua ASUN liburudendan izango da, UNReko kanpusean bertan beraz, kasu honetan bertan Jill Berner, Sandra Ott, Carmelo Urza eta Linda White izan direla, Oiarzabalekin batera.

'A Candle in the Night: Basque Studies at the University of Nevada, 1967-2007' liburuak 452 orrialde dauzka eta 29,95 dolarretan jarri dute salgai. Argibiderik eskuratzeko edo liburua erosteko, dei telefonoz (775) 784-6932 zenbakira, Ahozko Historia Programara; edo harremandu webgunearen bidez, hona sartuz.


Lotura interesgarriak

Liburuari buruzko informazioa Ahozko Historia Programan
http://oralhistory.unr webgunean

Pedro Oiarzabal: 'Todos los modos de ser y sentirse vasco son válidos'
2006ko maiatzaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Pedro eta Agustín Oiarzabal-en aurreko liburu baten iruzkinak
'La identidad vasca en el mundo', amazon.com-en

Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno (UNR)
http://basque.unr.edu

Renoko Euskal Liburutegia, UNR
http://www.library.unr.edu/basquelibrary

USAC, ikasle ipar-amerikarrak kanpora ikastera bidaltzeko programa
http://usac.unr.edu



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia