euskal diaspora eta kultura
2010/11/04
PUBLIZITATEA
Reno, Nevada, AEB. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) deitua du dagoeneko, 2011-2012 ikasturteari begira, William A. Douglass Distinguished Scholar Award delako sari/beka eta hasia da zabaltzen heldu den ikasturte horretarako deialdiak dituen baldintzak. Urteroko beretsuak dira, baina zehaztua du dagoeneko, aurtengoan kirola izango dela hautatutako gaia. Arlo horretan curriculum jasoa duten ikerlariak aukera dute urtebetez Renora etorri eta hemengo baliabide ugariak erabiliz jauzi polita emateko euren bizitza profesionalean.
Ez da ahaztu behar bertako Euskal Liburutegian askotan beste inon ez dauden materialak daudela ikertzeko eta ikertzeke eta, aldi berean, lotura eta konexio ezinhobea dagoela hemendik munduko beste hamaika Unibertsitate eta ikerketa etxeekin eta, are gehiago 2008an eraikin berrira pasatu ondoren, guztia erraztasunak direla hemen ikerketak egiteko, material aldetik, giro aldetik, lasaitasun aldetik, eta hauek guztiak baldintza harrapatzen zailak izaten direla Euskal Herrian lortzeko benetan ikerketa egin nahi duen ikerlari batentzat. Hori, hemengo esperientzia kulturala bizi eta hizkuntza hobetu eta praktikatzeaz gain. Hori hemen urtebete egiteak eta sari hau jasotzeak ekar dezakeen prestigioaz aparte. Nahiz eta aurten, dolarraren prezio txikiarekin ekonomikoki puntuak galdu dituen, guztia esan behar bada.
Renon egon bitartean, hautatutakoak bere alorra landu beharko du eta proiektu esanguratsu eta ekarle bat garatu, eta berau idatzi, normalean Zentroak berak argitara eman dezan. Biltzar akademiko bat ere antolatu beharko du Renon, bere alorrean, edo partaide izan. Renon egoteko epea 2011ko irailaren 1etik 2012ko uztailaren 31era artekoa izango da eta CBSk ekipamendu egokia, ostatua eta bizimodua egiteko dirua ere emango dizkio.
Interesatuek proposamen bat egin beharko dute, idatzia, ahal dela ingelesez, eta CBSra bidali, curriculuma eta bi erreferentzia emaileen izen-helbideekin, Kate Caminori (kcamino@unr.edu), Center for Basque Studies, MS/2322, University of Nevada, Reno, Nevada 89557-2322. Epea 2010eko abenduaren 17an amaituko da.
Eskabideak e-mailez igor daitezke, faxez (775-784-1355), edo postaz Camino andereari. Zalantzak argitzeko, jarri harremanetan Joseba Zulaika irakaslearekin (zulaika@unr.edu), Sandra Ott irakaslearekin (sott@unr.edu) edo Kate Caminorekin Zentroan (telefonoa, 775-784-4854).
2005ean sortu zenetik William A. Douglass Distinguished Scholar Award saria honakoengana etorri da: Gregorio Monreal (2005-06), Pedro Ibarra (2006-07), Bernardo Atxaga (2007-08), Javier Etxeberria (2008-09), Santiago de Pablo (2009-10) eta Oscar Alvarez Gila (2010-2011).
-CBSren web orria: http://basque.unr.edu
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus