euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko euskaldunek Zazpiak Bat Euskal Etxeak antolatzen duen Basque Festival-aren 40. edizioarekin gozatu zuten

2007/07/25

Ikusle gogotsuek txinga lasterketan parte hartu zuten (argazkia RGJ)
Ikusle gogotsuek txinga lasterketan parte hartu zuten (argazkia RGJ)

PUBLIZITATEA

Renoko Euskal Etxeak, Zazpiak Bat Basque Club-ak, bazkide, lagunak eta publiko orokorra bildu zituen berriz ere bere urteroko Renoko Basque festival delakoan. Euskal jaialdiaren 40.edizioa izan da aurtengoa eta Nevadako euskaldun eta euskaldunen lagun asko bertaratu ziren, euren euskal atxikimenduaren erakusgarri. Jaia goizean goiz hasi zen eta Wingfield parkean dantza erakustaldiak, herri kirolak, musika eta artisau eta gastronomia standak izan ziren ikusgai, entzungai eta dastagai.
40 edizio bete ditu dagoeneko Renoko Basque Festivalak, urtero Zazpiak Bat Euskal Etxeak euskal-amerikar kultura ezagutzera eman eta gozatzeko antolatzen duen jaialdia. Aurtengo jaia uztailaren 14ean egin zuten, eta estatuko euskaldun eta euskaldunen lagun asko bertaratu ziren Renoko Wingfield parkera, egun oso jaiaz gozatzeko prest. Jim Ithurraldek egin zien ongietorria eta jaialdiari hasiera emateko 'leialtasun zina' delakoa irakurri zuen. Ithurralde jaialdiaren aurkezlea da 1972 urteaz geroztik eta eguneko protagonistetako bat bihurtu da jada. Jarraian 'Gernikako Arbola' abestu zuten bertan bildutakoek, jaialdiari hasiera emanez.

Ondoren Zazpiak Bat Renoko Euskal Etxeko dantza taldeko kideek, Kate Camino zuzendari, dantza erakustaldia eskaini zuten. Ikuskizunean, ohi bezala, euskal eta estatubatuar ohiturak eta ikurrak nahastu ziren --dantzari batek estatubatuar bandera eraman zuen euskal dantzetako batean, ohiko ikurriña ere bertan zela--, Ipar Ameriketako euskaldunen bi kulturei omenaldia eginez.

Egunean zehar beste ekitaldi ugari egin zituzten euskaldunek Wingfield parkean, horien artean herri kirol erakusketak (harrijasotzaileak eta aizkolariak). Euskal amerikar jaki tipikoak ere izan ziren dastagai: txorizoa, arkumea, indabak, patata tortilla sandwich-ak... Artisau standak ere egon ziren, Linda Barrenchea eta Holly Waltz artistek aurkeztuta, eta baita euskal musika ere Jean Fletcher eta bere soinuari esker.


Lotura interesgarriak

Renoko Euskal Etxea
www.renobasqueclub.org

Nevadak omenaldia egin dio CBSri 40. urteurrenean
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 9an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia