euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko Euskal Ikasketen Zentroari William A. Douglass eta Jon Bilbao sortzaileen izena emango diote

2015/10/29

Ia mende erdi joan da Jon Bilbaok eta William A. Douglass-ek euskal ikasketen zentroa sortu zutenetik (Argazkiak: Artxiboa)
Ia mende erdi joan da Jon Bilbaok eta William A. Douglass-ek euskal ikasketen zentroa sortu zutenetik (Argazkiak: Artxiboa)

PUBLIZITATEA

Renoko Unibertsitatean (Nevada, AEB) dagoen Center for Basque Studies edo Euskal Ikasketen Zentroak izen berria izango du azaroaren 3tik aurrera. Instituzioko arduradunek hala erabakita, William A. Douglass eta Jon Bilbao sortzaileen izena emango diote: lehenak zentroa berbataiatuko du eta, bigarrenak, liburutegia. “Ilusio handia ematen digu. Egin duten lana eskertzeko modu egokia dela iruditzen zaigu”, esan dio Sandra Ott-ek, CBS-ko barne harremanetarako zuzendariak, EuskalKultura.com-i.

Reno, AEB. Jon Bilbao bibliografoak eta William A. Douglass antropologoak betiko batuko dituzte beren izenak University of Nevada Renon, duela mende erdi ia, sortu zuten Euskal Ikasketen Zentroarekin. Zentroko zuzendaritza batzordearen erabakiz, antropologoaren izena izango du CBS-ak eta Bilbaorena liburutegiak, heldu den azaroaren 3tik aurrera. Ekitaldia unibertsitateko ikasleen gunean izango da, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

“Ilusio handia ematen digu. Egin duten lana eskertzeko modu egokia dela iruditzen zaigu”, esan du Sandra Ott-ek, CBS-ko barne harremanetarako zuzendariak. “Zentroko Aholkularitza Batzordeak proposatu zion ideia (Mark) Johnson errektoreari eta onartu egin zuen honek. Birritan izan da Euskal Herrian, geurekin, Johnson, eta ezagutzen du bi omenduek egin duten lan handia”. Ott-ek esana, Douglass jaunaren ideia izan zen liburutegiari Jon Bilbaoren izena ematea, “bere laguntza gabe ezin izango baitzuen egin zuen egin”.

Ohorezko gonbidatuak

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Sandra Ott-ek berak zuzenduko duen ekitaldia. Zuzendariak aurkeztuko ditu, besteak beste, UNR-ko errektorea den Mark Johnson, CBS-ko Aholku Batzordeko lehen burua izan zen Jon Etxeberria, bai eta Jon Bilbaoren semea bera ere, ekitaldi honetarako propio Euskal Herritik bidaiatuko dena. Oraindik konfirmatu gabe badago ere, kasik ziurra da Brian Sandoval Nevadako Gobernadorearen bulegotik ordezkari bat ere joango dela.

Douglass jaunak berbaldi laburra emango du, zeinen ostean 50 urteko historian batutako argazkiekin osatutako laupabost minutuko bideoa aurkeztuko duten. Omenaldia ardo dastaketa batekin bukatuko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia