euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko CBS Euskal Ikasketa Zentroa kultura programa batekin ari da ospatzen bere argitaletxearen 20. urteurrena

2022/11/17

Euskal sormena munduan kokatzeko ezinbestekoa da ingelesez ezagutaraztea, eta horretan dihardu Renoko CBS Press
Euskal sormena munduan kokatzeko ezinbestekoa da ingelesez ezagutaraztea, eta horretan dihardu Renoko CBS Press

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, AEB. Nevada Renoko Unibertsitateko CBS (Center for Basque Studies) Euskal Ikasketa Zentroko Argitaletxeak 20 urte bete ditu eta atzo eta gaur garatzen ari den kultura programa batekin ari da ospatzen urteurrena. Besteak beste Kirmen Uribe, Marijose Olaziregi, Josu Okiñena, Lierni Ezenarro, Larraitz Ariznabarreta eta Iker Arranz partaide dituen programak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta musika emanaldiak bildu ditu. Euskal kulturari lotutako 200 izenburutik gora plazaratu ditu ingelesez CBS Press-ek sortu zenetik 2002an.

Urtebetetzearekin bat eginez CBSekAgirre Lehendakaria Center eta Jon Bilbao Euskal Liburutegia lankide eta Hillard Fundazioa laguntzaile— bi jardunaldi antolatu ditu atzo eta gaur, azaroaren 16 eta 17an, hainbat egile gonbidaturik saio eta emanaldi sorta bat partekatzera. Honela, gaur arratsaldean, Marijose Olaziregik, Kirmen Uriberi buruz Amaia Elizalderekin batera CBS Pressen plazaratu duen Kirmen Uribe, life, fiction liburua aurkeztuko du, Kirmen Uribe ere bertan dela.

Euskal kultura emaitzak ingelestunei helarazten

Izan ere, egile ondarroarra egun bizileku duen New Yorketik etorri ahal izan da efemeridearekin bat egin eta Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren ingelesezko edizio urrian plazaratu berria (Coffee House Press) bertaratutakoen aurrean aurkeztera, AEBetan egiten ari den aurkezpen-birako parte.

Euren aldetik, Lierni Ezenarro, Agirre Lehendakari Center-ek daraman lana aurkeztu zuen atzo ALC, Reinventing the Basue Case izenpean, eta Iker Arranz Basque Studies and the American West: A Trans-Disciplinary proposal via Food, Music and Cultural Politics izenburupean mintzatu zen, Josu Okiñenak The History of Basque Music liburuaz hitz egin aurretik. Izan ere, Josu Okiñenak, pianoan, eta Alexander da Costak, bibolinean, bi kontzertu programatu dituzte atzo eta gaur euskal musikako lan hautu batzuen erakusgarri.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia