euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko CBS-ek bildu zuen Euskal Ipuin Antologiak nazioarteko bideari darraio, oraingoan edizio italiarrarekin

2007/03/12

Euskal Ipuin Laburren Antologiaren italierazko bertsioaren azala
Euskal Ipuin Laburren Antologiaren italierazko bertsioaren azala

PUBLIZITATEA

2004. urtean Mari Jose Olaziregik eta Linda Whitek Renoko Center for Basque Studieserako egindako euskal ipuin laburren bilduma arrakasta polita izaten ari da nazioartean, ingeles, euskara, gaztelera --bidea orden honetan izan baitzen, bitxia bada ere-- eta errusiarrez argitaratua izan delarik. Azken bertsio italierazkoa da, Gran Via Edizioni argitaletxearen eskutik, eta, besteak beste, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe edo Anjel Lertxundiren ipuinak italiar irakurleengana eramango ditu. Mari Jose Olaziregi eta Sergio Muniz idazlea Italian izango dira aste honetan liburua Milango Unibertsitatean aurkezteko.
Mari Jose Olaziregi, An Anthology of Basque Short Stories izenarekin jaio zen ipuin bildumaren koordinatzailea, Italian izango da aste honetan liburuaren italierazko bertsioa Milango Unibertsitatean aurkezteko. Sergio Muniz idazlea ere bertan izango da eta euskal literaturari buruzko mintzaldiak eman eta liburuko ipuinen irakurtaldia egingo dute biek Milango Unibertsitateak Due Giornate Basche a Milano (Bi euskal egun Milanen) deitu dituzten jardunaldietan.

Aurkezpen hauek Gran Vía argitaletxeak antolatuak dira, Milango Unibertsitatearen eta Cervantes Institutuaren babesarekin. Bildumak italieraz duen izenburua Pintxos. Nuovi Racconti Baschi (Pintxoak. Euskal narrazio berriak) da; euskal sukaldaritzak eta pintxoek duten nazioarteko arrakastarekin hitz-jokoa, irakurleei Euskal Herriko literaturaren 'mokautxo' hauek dastatzeko gonbitea luzatuz: 'gazi edo gozo, baina beti labur eta harrigarri'.

Milango lehen aurkezpena etzidamu izango da, eguerdiko 12:30tan unibertsitatean bertan (aula a3 piazza sant’alessandro 1). Mari Jose Olaziregi bildumaren koordinatzailea izango da hizlari, berarekin batera Danilo Manera, Milango Unibertsitateko Literatura Espainiarreko irakaslea izango dela. Ostegunean hitzordua arratsaldeko 18:00etan izango da, Cervantes Institutuaren Milango egoitzan (via dante, 12). Bertan Sergio Muniz idazleak bildumako ipuin batzuk irakurriko ditu, Mari Jose Olaziregik aurkeztuta.

Nazioarteko bide oparoa

An Anthology of Basque Short Stories liburua Diasporan jaio zen, Nevada-Renoko Unibertsitatean hain zuzen ere, 2004. urtean. Besteak beste Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Juan Garzia, Lurdes Oñederra edo Joseba Sarrionandia bezalako euskal idazle garaikideen ipuin laburren bilduma bat zen, Mari Jose Olaziregi eta Linda Whitek aukeratua eta ingelesera itzulia. Euskaratik ingelesera itzultze honen helburua Euskal Ikasketa Zentruko ikasleei eta Estatu Batuetako irakurleei oro har egungo euskal literatura ezagutu ahal izateko aukera ematea zen.

Hala, antologia ingelesez jaio zen baina aukeraketa eta formatoa erakargarriak gertatu ziren eta handik gutxira euskarazko bertsioa ('Mende berrirako ipuinak', Erein) eta gaztelerazkoa ('Pintxos. Nuevos cuentos vascos', Lengua de Trapo) argitaratu ziren. Liburua 2004ko Frankfurteko Azokan aurkeztu zuten eta nazioarteko beste hainbat argitaletxek ere interesa hartu zuten. Horien artean St. Petersburg University Press, 2006ean errusierazko bertsioa argitatu zuena. Orain, azkeneko pausoa eman du bildumak italierazko bertsioarekin, beste batzuk ere etorriko diren esperoan.


Lotura interesgarriak

'Pintxos' bildumaren italierazko edizioari buruz
www.gran-via.it

CBSren Euskal Ipuin Laburren Antologia errusieraz orain
EuskalKultura.comen argitaratua 2006ko azaroaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia