euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko Unibertsitateak epea zabaldu du 'Douglass Distinguished Scholar Award' beka/sarirako 2010-11an

2009/12/15

Bernardo Atxaga izan zen 2007-08 ikasturteko sari edo bekaduna (argazkia Koitz)
Bernardo Atxaga izan zen 2007-08 ikasturteko sari edo bekaduna (argazkia Koitz)

PUBLIZITATEA

Renon, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) epea zabaldu du hautagaiak aurkez daitezen 2005etik hona urtero deitzen duen 'William A. Douglass Distinguished Scholar Award' delakorako. Oraingo deialdian 2010-11 ikasturteari dagokion beka/sari hau Euskal Ikasketen alorretako batean aditu edo espezialista den ikerlari edo akademiko bati zuzentzen zaio. Urtero aldatu ohi da aukeratutako alorra eta aurtengoan Euskal Historia ikergai duen pertsona baten bila dabil CBS. Ibilbide eta curriculum sendoa eta akademikoki innobatzailea beharko du izan. Hautagaiak aurkezteko epea 2010eko urtarrilaren 15ean bukatuko da.

Reno, Nevada, AEB. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) abiatua du dagoeneko, 2010-2011 ikasturteari begira, William A. Douglass Distinguished Scholar Award delako sari/bekari dagozkion lana eta, hasteko, hasia da zabaltzen heldu den ikasturte horretarako deialdiak izango dituen baldintzak. Urteroko beretsuak dira, baina zehaztua du dagoeneko, aurtengoan Euskal Historia izango dela hautatutako gaia eta, beraz, Euskal Historia lantzen ari diren eta gai horretan curriculum jasoa duten ikerlariak aukera daukatela urtebetez Renora etorri eta hemengo baliabide ugariak erabiliz jauzi polita emateko euren bizitza profesionalean.

Ez da ahaztu behar bertako Euskal Liburutegian askotan beste inon ez dauden materialak daudela ikertzeko eta ikertzeke eta, aldi berean, lotura eta konexio ezinhobea dagoela hemendik munduko beste hamaika Unibertsitate eta ikerketa etxeekin eta, are gehiago iaztik eraikin berrira pasatu ondoren, guztia erraztasunak direla hemen ikerketak egiteko, material aldetik, giro aldetik, lasaitasun aldetik, eta hauek guztiak baldintza harrapatzen zailak izaten direla Euskal Herrian lortzeko benetan ikerketa egin nahi duen ikerlari batentzat. Hori, hemengo esperientzia kulturala eta hizkuntza hobetu edo praktikatzeaz gain. Eta hemen urtebete egiteak eta sari hau jasotzeak ekar dezakeen prestigioaz aparte. Nahiz eta aurten, dolarraren prezio txikiarekin ekonomikoki puntuak galdu dituen.

Renon egon bitartean, hautatutakoak bere alorra landu beharko du eta proiektu esanguratsu eta ekarle bat garatu, eta berau idatzi, normalean Zentroak berak argitara eman dezan. Biltzar akademiko bat ere antolatu beharko du Renon, bere alorrean, edo partaide izan. Renon egoteko epea irailaren 1etik uztailaren 31era arte izango da eta CBSk ekipamendu egokia, ostatua eta bizimodua egiteko dirua ere emango dizkio.

Interesatuek proposamen bat egin beharko dute, idatzita, ahal dela ingelesez, eta CBSra bidali, curriculuma eta bi erreferentzia emaileen izen-helbideekin Kate Caminori (kcamino@unr.edu), Center for Basque Studies, MS/2322, University of Nevada, Reno, Nevada 89557-2322. Epea urtarrilaren 15ean amaituko da.

Eskabideak e-mailez igor daitezke basque@unr.edu helbidera, edo faxez (775-784-1355), edo postaz Camino andereari. Zalantzak argitzeko, jarri harremanetan Joseba Zulaika irakaslearekin (zulaika@unr.edu), Sandra Ott irakaslearek (sott@unr.edu) edo Zentroarekin (telefonoa, 775-784-4854).

2005ean sortu zenetik William A. Douglass Distinguished Scholar Award saria honakoengana etorri da: Gregorio Monreal (2005-06), Pedro Ibarra (2006-07), Bernardo Atxaga (2007-08), Javier Etxeberria (2008-09) eta Santiago de Pablo (2009-10).

-Webgunea: http://basque.unr.edu



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia