Boise, Idaho, AEB. Bereziki pozik dabiltza aste honetan Estatu Batuetako realzaleak, Idaho eta Boise aldekoak hain zuzen, talde donostiarreko ordezkaritza instituzional bat Gernikarekin senidetuta dagoen hiriburu idahotarrean baitabil bisitari, partaide gainera Xabi Prieto jokalari ohi eta enbaxadorea, eta Zuhaitz Gurrutxaga jokalari ohia baita ere, eta artista. Gurrutxaga, bestalde, 2023 urte hondarrean izan zen hemen, aldi hartan ETB1eko "Herri Txiki Infernu Handi" programarako sail berezi bat grabatzen bertako euskaldunekin.
Bertako euskaldunei esker, delegazioa hiriko alkatearekin eta Idahoko gobernadorearekin bilduko da, bisitaren helburu orokorra dutela "Kluba Estatu Batuetako eskualde honetako tokiko erakundeetara hurbiltzea". Horrez gain, "Boiseko Estatu Unibertsitatearekin (BSU) elkarlanean aritzeko asmoa" agertu dute, izan ere BSUk ‘Basque Case in Sports’ izeneko izeneko workshop edo tailer bat eskaintzen baitu urtero. Bisita amaitzeko, Realaren Peña inauguratuko dute, Txuriurdin Amerikanuak, eta Boiseko realzale eta athleticzaleek elkarrekin ikusiko dute telebistaz zuzenean datorren igandean San Mamesen jokatuko den Athletic-Reala derbia.
Boiseko realzale eta athleticzaleak
Boisen aspaldidanik daude realzaleak euskal komunitatearen baitan, baita peña gisa ere. Saiakerak egin eta pausoak eman izan dira denboran zehar peña ofizial batekin aurrera egiteko. Oraingoan, bertan bizi eta Boiseko Realaren peña berriko arduradun den Haritz Maillo Elorza arrasatearra ari da gauza inarrosten. Gogoratzekoa, Boisen, BSUk eskaintzen duen urteroko ikastaroa, Argia Beristainek eta John Bieter-ek emana "Sports, Values, and Identity: The Basque Case" izenpean, euskal futbolaren kasua aipaturik. Datorren larunbatean emango dute ikastaldia, delegazio realzalekoak partaide.
Oroi dezagun euskal futbol mailan hiria Boisen Athleticen Peñaren egoitza dela dagoeneko, zale multzo polita duela bazkide, eta bere ingurutik atera zela ekimena eta antolatzeko gaitasuna Athletic 2015 hona ekartzeko, Mexikotik ekarrita ere Tijuana Xoloitzuintles taldea, Athleticek irabazjki zuen norgehiagoka , Jaialdi euskal festa erraldoiaren bezperetan. Partida harek futbolzaletasuna suspertu zuen, bereziki euskal-estatubatuar belaunaldi gazteean, athleticzaleak gehituz zaleen multzora. Mugimendua badago baita ere nesken futbolean, eta trukeak Bibotik Boisera eta alderantziz. AEBko afizioen hurrengo hitzordua datorren igandean da. Leku gehiagotan bilduko dira baina Boise, deia Leku Ona jatetxean ezarri da, 13:00etan bertako ordua, aurretik kalejira bat egingo delarik Estatuko Kapitoliotik Basque Block eta Leku Onaraino.