Realak bira bat burutuko du Estatu Batuetatik maiatzean, denboraldia amaitu eta gero. Maiatzaren 16ean abiatuko da Ameriketara eta maiatzaren 18an Kalifornian izango da, San Jose Earthquakes taldearen aurka jokatzeko. Gero, maiatzaren 24an, Texasen 'Charities Cup'-ean parte hartuko du Houston Dynamoren kontra. Taldeak inguruetako errealzale eta euskaldunekin biltzeko gogoa agertu dio EuskalKultura.com-i.
Donostia-San Sebastián. Liga txapelketa amaitu ostean, talde txuri-urdinak Kaliforniara bidaiatuko du maiatzaren 18an San Jose Earthquakes-en aurka jokatzeko Avaya Stadium-ean. Une honetan, San Jose hiriko taldeak MLS jokatzen du eta sailkapeneko zazpigarren postuan kokatzen da. 1995. urtean fundatuta, MLS Cup irabazi zuen 2001 eta 2003. urteetan eta MLS Supporters’ Shield 2005 eta 2012 urteetan.
Bigarren neurketa lurralde amerikarretan maiatzaren 24an izango da Texasen. Bertan, 'BBVA Compass Dynamo Charities Cup' ezagunean parte hartuko dute, aurretik Aston Villa, Monterrey edo Valencia bezalako taldeek jokatu dutena. Aurkaria Houstoneko taldea izango da, MLS-ko Houston Dynamo, hain zuzen.
EuskalKultura.com Realarekin harremanetan jarri da eta taldeko iturriek inguru hauetako euskaldunei partida hauek ikustera joateko gonbite berezia luzatu diete. Era berean, bertako euskal etxe eta euskal taldeekin bildu edo ekitaldi bereziren bat antolatzeko prest agertu dira. Iaz Realak Txinan bira egin zuen eta Shanghaiko Euskal Etxeko kideekin izan ziren, esaterako. Aurten ere horrelako zer do zer egiteko gogotsu agertu dira txuriurdinak.