euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Raul Alcain hil da Argentinan, Paraná-ko 'Presencia Vasca' saioko sortzaile eta familia euskaltzale bateko buru

2009/08/18

Raul Alcain 'Presencia Vasca'n parte hartu zuen azkeneko aldian, irratsaioak 18 urte bete zituenean (argazkia Presencia Vasca)
Raul Alcain 'Presencia Vasca'n parte hartu zuen azkeneko aldian, irratsaioak 18 urte bete zituenean (argazkia Presencia Vasca)

PUBLIZITATEA

Igandetik astelehenerako gauean hil da Argentinako Paraná hirian Raul Alcain, 96 urteko euskal argentinarra, familia zabal bateko aitona eta birraitona, bere ondoko guztiak euskal erroekiko zaletasunean eta errespetuan hezi zituena, pertsonalki engaiamenduzko etsenplua emanez euskal kultura, identitate eta sentimentuarekiko. Bere gorpua gaur asteartea abuztuak 18 erraustuko da, goizeko 11etan, Paranako Udal Hilerrian. Lerro hauek baliatu nahi ditugu bere familia eta lagunei besarkada bero bat bidaltzeko, baita Presencia Vascako lankideei ere. Goian Bego.

Paraná, Argentina. Heriotza atzo goizaldean gertatu zen Paranán. Raul Alcain, Paranáko Presencia Vasca izeneko irratsaioko sortzailea, eta urte askotan bertako euskal komunitateko buruzagi, hiriburu entrerriostarreko familia euskaltzale eta euskal komunitatearekin arras engaiatutako bateko buru eta patriarka zen. Izan ere, bere seme-alaba, biloba eta berbilobak ere euskal komunitateko partaide aktiboak dira. Historikoki, Ibai Guren Euskal Etxeko kide izan dira eta 2000.ean Urrundik Euskal Etxea sortu zenetik, Paranáko bigarren euskal etxe honetako kide eta zuzendari.

Raul Alcain Ibai Guren Euskal Etxeko birsortzeko buruzagietarik izan zen 1985ean, euskal etxea 70eko hamarkadan bolada batez desagertu ondoren, eta etapa berriko lehenengo lehendakaria izan zen; geroago ohorezko lehendakari izendatu zuen Ibai Gurenek biltzar nagusi batean.

1987an, bere alaba Laurarekin batera Euskal Herrira bidaiatu zen Euskal II. Mundu Biltzarrean parte hartu zuen ordezkaritza argentinarreko kide gisa.

Paranáko Urrundik euskal elkartea sortu zenean, 2000.ean bertako bazkide sortzaile izan zen eta geroztik partaide aktibo izan da, bertara bildu zelarik bere familia osoa, tartean seme-alabak eta bilobak. Oraino tipiak badira ere bere berbiloben belaunaldia ere euskal etxe eta euskal giro horretan sortu eta hazia da.

Bere gorpua Sasfer-en (Urquiza 431) bailatua izaten ari da, lehenengo aretoan, eta gaur asteartea, abuztuaren 18a izango da erraustua, goizeko hamaiketan, Paranáko Udal Hilerrian. Goian Bego.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia