Rauch, Argentina. Buenos Aires probintzian, Rauch-ko 'Gure Txokoa' Euskal Etxeak, 'Euskal Herriko baserriak' erakusketa zabalduko du datorren igandean, uztailaren 4ean, arratsaldeko zazpietan, argazkiak eta artelanak osagai dituela.
Argazkiekin batera, eskulturak ere biltzen ditu erakusketak. Bisitari datorrenak Euskal Herriko eskualde eta lurraldeei dagozkien hainbat baserri eta etxe topatu ahal izango ditu, gaur egun dauden bezala, erakutsiz eta islatuz beraz zer nolako egoeran dauden eta zer nolako harretan ipintzen zaion eraikinok zaintzeari. Halaxe adierazi dio EuskalKultura.com-i Rauch-eko Euskal Etxeko lehendakari den Silvia Conte de Salsamendik geure erredakziora bidalitako ohar batean.
Aipatutakoez gain, Nora Mendivil artista plastikoak zeramikaz eginiko hainbat lan aurkeztuko ditu, hauek ere euskal baserriak gaitzat hartzen dituztela.