euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ramuntxo Camblong-ek Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea, Eusketxe eta Laurak Bat bisitatu ditu

2009/04/30

Ramuntxo Camblong eta Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kideak
Ramuntxo Camblong eta Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kideak

PUBLIZITATEA

Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kide den Ramuntxo Camblong euskaltzale ezaguna asteartean iritsi da Argentinara eta egunean bertan errezibitu dute Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxekoek. Segidan, bertako ordezkaritza batekin, Eusketxe eta Laurak Bat ere bisitatu ditu, euskal udal erakunde nazionaleko kideak egunotan Argentina eta Uruguaira egiten ari diren bidaia eta kontaktu-programaren barnean. Bitartean, Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako hautetsi nafarrak, Argentina-Uruguain joan den astetik dagoenak, hastapenean iragarritako aurkezpen egitarauari segitu dio, Ruper Ordorika, Xamar, Jose Angel Irigarai eta Pamielako arduradunekin batera. Atzo eguerdiz bildu ziren guztiak Buenos Airesen, berehala Bahia Blanca aldera abiatu, eta bertan atzo eta gaur aurkezpen saioak burutzeko. [argazkiak]

Buenos Aires, Argentina. Udalbide/udalbiltza-ko Bixente Arozena hautetsiak joan den astean EuskalKultura.com-en iragarri genuen egitaraua segitzen zuen bitartean (Ruper Ordorika, Xamar, Jose Angel Irigarai eta Pamielako Pello Elzabururekin), joan den asteartean iritsi zen Buenos Airesera Ramuntxo Camblong lapurtarra, hau ere Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kidea, egun hauetan Argentina-Uruguain dabilen ordezkaritza horrekin bat egitekotan. Eguerdi aldean, Camblong-ek Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea-Centro Vasco Francés bisitatu zuen, bertako idazkari eta kultura arloko buruzagi den Norma Riosekin. Euskal Etxea erakutsi zioten eta bereziki mintzatu zen historia argentinar euskaldunaz Mikel Ezkerrorekin.

Izan ere, Camblong familia aldetik arras lotua dago Argentinako Diasporarekin, ahaide zuzena baita eta eragin zuzena izan baitute bere familiak eta sortetxeak Argentinan oso ezaguna eta ospetsua izan zen Juan Bautista Istilart inbentorearekin, hura ere Ramuntxo Camblong-en etxe berean jaioa, Makea-Hazparnen.

01 Ramuntxo Camblong

[Iparraldeko Euskal Etxean, besteak beste, aukera izan du Ramuntxo Camblongek azkenaldian Buenos Airesen bizi diren Paxkal Teyllagorri eta Elorri Larzabal gazteak agurtzeko (Mattin Larzabal irratilari eta euskaltzale baxenabartar ezagutuaren alaba da Elorri). Argazkian mementu hori, ezkerrean Mikel Ezkerro so]

02 Ramuntxo Camblong

[Ramuntxo Camblong Mikel Ezkerroren euskal immigrazioari buruzko esanak entzuten]

Iparraldeko Euskal Etxea bisitatu ondoren --eta matea dastatu ostean, hori egiteko gutizia eta interesa baitzuen-- Buenos Airesko Mexiko 1880 kalean dagoen euskal egoitzara eraman zuten Camblong, bertan dauden Eusko Kultur Etxea (Eusketxe), Euskaltzaleak elkartea eta Ekin argitaletxe historikoa ezagut zitzan. Euskara eskolak ematen diren ikasgelak ikusi zituen, ondoren euskal etxera itzultzeko eta bertan Carlos Martinez, Eduardo Torry Mendioroz eta Leandro Etchichury-rekin bildu eta iritziak trukatzeko. Hori eta gero argentinar hiriburuko Laurak Bat euskal etxe dekanora joan ziren, berau bisitatu eta bertako ezagutza zuzena izateko.

03 Ramuntxo Camblong

[Iparraldeko Euskal Etxean eta oro har Euskal komunitatean kultur ekile diren Leandro Etchichury (erdian) eta Juan Carlos Ibarrola (eskuin), eta argazkian agertzen ez diren beste zenbait lagunekin bildurik, tartean Norma Riosekin]

04 Ramuntxo Camblong

[Mexiko 1880ko euskal egoitzan, Eusketxeko Irene Lopez de Vicuñari 3.000 zenbaki bete berriak dituen Baionako 'Herria' astekariaren zenbait ale ematen (besteak beste Herriako sustatzaile eta Administrazio Kontseiluko kide ere bada-eta Ramuntxo Camblong).

05 Ramuntxo Camblong

[Etxeko ixtorioetan hainbestetan aipatzen entzundako 'mate' argentinarra dastatzen Iparraldeko Euskal Etxeko 'kintxo'an, pilotarien begiradapean]

Bitartean, euskal ordezkaritzaren beste partea Montevideon zen --datozen egunotan eman nahi genuke EuskalKultura.com-en Uruguaiko berri--, asteazken goizean buenosaireseratzeko. Asteazken eguerdian argentinar hiriburuan bildurik, bat egin zuten Ramuntxo Camblongek eta Arozena-Orodorika-Xamar-Irigarai-Elzaburuk,  Bahia Blanca aldera abiatzeko, bertan atzo gauez eta gaur bidaia honetan eskaintzen ibili diren saioak eskaini behar baitzituzten, gehienbat Ruper Ordorikaren emanaldia, eta Xamar eta Jose Angel Irigarairen 'Vascos' eta '7 poetas vascos' liburuen aurkezpenak Pamiela argitaletxeko Pello Elzabururen eskutik, Udalbide/Udalbiltzak lagundutako erdal itzulpenean Xamarren lana.

06 Ramuntxo Camblong eta Bixente Arozena

[Ramuntxo Camblong eta Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako kideak Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean, elkarte hau 1895an sortu zuten kide fundatzaileen izen zerrenda, argazki eta plakaren ondoan (argazkiak Norma Ríos, EuskalKultura.com-entzat)]



Lotura interesgarriak

Udalbide, Euskal Udalen Elkarlan Elkartea
www.udalbide.net

Udalbiltza ofiziala
www.udalbiltza.eu

Pamiela argitaletxe iruindarra
www.pamiela.com



Komentarioak

  • Iparralde Etxea

    Milesker argazki eta komentario hoiek bidalirik. Asko gustatu zitzaidan Iparraldeko etxean kultur saileko jendearekin mintzatzea , elgarren berri ematea eta Argentinako euskal diasporaren historia aberatsa ezagutzea,zinez hor dugu E.H.ko 8garren probintzia!! H.Urrats gauan dantza kantu eta solas egin genuen gure anai arrebekin!

    Ramuntxo Camblong, 2009/05/15 15:27

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia