euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rafael Kutz, Venezuelan Euskadiko Ordezkari berria, euskal kolektibitatearekin bildu zen Caracasen

2007/06/15

Ezker-eskubi: Koldo Atxutegi, Unai Azpiritxaga, Pedro Arriaga, Izaskun Etxearte, Rafael Kutz eta Luis Trincado (argazkia Pedro Javier Arriaga)
Ezker-eskubi: Koldo Atxutegi, Unai Azpiritxaga, Pedro Arriaga, Izaskun Etxearte, Rafael Kutz eta Luis Trincado (argazkia Pedro Javier Arriaga)

PUBLIZITATEA

Egun gutxi daramatza Caracasen Rafael Kutzek, Ibarretxe lehendakariak Venezuelan Euskadiren ordezkari izendatu berri duen gizonak. Bere erronka datozen hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak herri karibearrean izango duen egungo lehenengo ordezkaritza sortu eta garatzea izango da. Donostiarra da Kutz eta aurreko urteotan Txileko Euskadiren Ordezkaritzan jasotako esperientzia baliagarri izango du lantegi honetarako. Joan den astelehenean euskal komunitatearen ordezkaritza batekin bildu zen Caracaseko Eguzki institutuan hartu duen behin-behineko bulegoan. Caracaseko Eusko Etxeko Zuzendaritza Batzordekoak errezibitu zituen, Pedro Arriaga lehendakaria buru.
Pedro Javier Arriagak berak gure erredakziora bidali duen oharrean azaltzen duenez, euskal komunitateko ordezkarien eta Rafael Kutzen arteko bilera joan den ekainaren 11an izan zen, goizeko lehenengo orduan, Eguzki Kooperaziorako Euskal Institutuaren egoitzan. Bileraren helburua, Euskadiko ordezkari berriaren aurkezpena egitea. Eguzki Institutuari dagokionez, bertako Izaskun Etxearte ere bilerako partaide izan zen.

Mandatari berriak bere lanaren ardatzak azaldu zituen eta Euskadiko Ordezkari bezala Venezuelako euskal etxeekin harreman estua mantentzeko asmoa agertu zuen. Ordezkaritza berriak Jaurlaritzak euskal venezuelar komunitateari begira egiten dituen ekimenen planifikazioa, sustapena eta koordinazio ahaleginak hartuko ditu bere gain.

Ordezkaritza-Euskal Etxeak lankidetza

Caracaseko Eusko Etxea-ko ordezkaritzako partaide ziren elkarteko lehendakari Pedro Arriaga, lehendakariorde Unai Azpiritxaga eta Luís Trincado idazkaria. Euren esanetan euskal etxeak bere babes osoa emango dio ordezkari berriari bere eginbidea burutzeko, lankidetza horrek Venezuelako euskal diaspora osoarentzat etorkizun esperantzagarria ekarriko duela sinesten baitu.

Jaurlaritzako Koldo Atxutegik, bere aldetik, Venezuelako ordezkaritza ofizial honen sorrerak Gasteizko Lehendakaritzatik orain arte bultzatutako kanpo harremanetarako ekintza areagotzea ahalbideratuko duela adierazi zuen. Venezuelako euskaldunen beharrei erantzun eta Venezuela eta Euskadiren arteko harremana areagotzeko behar-beharrezkoa izango da Ordezkaritzaren eta bertako Euskal Etxeen arteko lankidetza, Atxutegiren esanetan.


Lotura interesgarriak

Caracaseko Eusko Etxea, Venezuela
www.euskoetxeacaracas.blogspot.com

Valentzia-Caraboboko Eusko Etxea, Venezuela
www.valenciakoeuskoetxea.com

Euskadiko Ordezkaritzak munduan (berritzeke)
lehendakaritza.ejgv.euskadi.net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia