Pedro J. Oiarzabal. 2020ko abuztuaren 27an, AEBko Saskibaloi Elkarte Nazionaleko (NBA ingelesezko akronimoan) zenbait jokalarik beisbol eta futbol liga profesionaletako jokalariek jarraituta, uko egin zioten jokatzeke zeuzkaten partidak jokatzeari polizia zuri batek Jacob Blake afroamerikarrari tiro egin eta larri zauritu zuelako Kenoshan, Wisconsin-en abuztuaren 24an. Gertaera hau polizi-zakarkeria eta arraza injustizia zerrenda luze bati gehitzen zitzaion, 2013tik aurrera AEBn zehar "Black Lives Matter" izenpean sortutako protesta mugimenduarekin bat eginez. Jokalari hauen jarrera-hartze politikoak sistemaren arrazakeriaren kontra are gehiago eragin zion zinez tentsionatu eta muturreratutako gizarte bati, polarizatuagoa Donald Trump agintera iritsi ondoren duela lau urte pasexe.
Egun hartan bertan, 2005etik Texas Estatuko Ordezkarien Ganberako ordezkari demokrata zen Rafael Anchia Michelena euskal-amerikarrak bere sostengua eman zion NBAko jokalariek hartutako erabakiari. Bere Twitter kontuan idatzi zuenez, "Aita kirolari profesionala izan zen, sindikatuarekin bat egin eta greba hasi zuen 1968an. Kaleratu egin zuten eta zerrenda beltzean sartu, eta bere Jai-Alai karrera unerik onenean bukatu zitzaion. Haatik, zuzena zela uste zuena defendatu zuen".
Euskal pilotaren munduaren gainean eraikitako narratiba tradizionalak, eta batez ere Jai Alairen gainean amerikar lurrean eraikitakoak, oso gutxitan aipatzen ditu, eta gauza bera gertatzen da Amerikako mendebaldeko euskal artzain ospetsuekin, langile emigranteak diren aldetik, eskubide eta betebeharren jabe gisa. Berez, bai pilotaria eta bai artzaina erromantizatu egiten dira, hori izatea bera, langile izatea, kontzienteki desagertzen den arte. Lerro hauek idazten ari denari bereziki interesatzen zitzaion Rafael Anchía hautetsiaren ikuspegia, berak, zalantzarik gabe, egoera bere aita Julio Anchía Garechanaren bitartez bertatik bertara ezagutu baitzuen. Bere bulegoarekin harremanetan jarri ondoren, elkarrizketa bat finkatu genuen joan den irailaren 15ean.
"Aitak zuzena zela uste zuena defendatu zuen” (Anchia familiaren politesia).
Ordubetez jardun genuen bere aitaren pilota karreraz, gerraondoko euskal familia batentzat esan nahi zuenaz, haren ibilbide profesionalaz eta bere karrerari amaiera jarri zion langile-grebarekin bat egiteak ekarri zizkion ondorioez.
Julio Anchía Garechana 1936ko abenduaren 4an jaio zen Longa Baserrirako bidean Mallabian (Bizkaia), Espainiako Gerra Zibila hasi eta ia bost hilabetera. 15 urterekin Zaragozan (Espainia) hasi zuen bere ibilbide profesionala puntista bezala, eta bi urte geroago Napolira (Italia) joan zen, azkenean pilotari orok Atlantikoa zeharkatu eta AEBan jokatzeko zuen ametsa betez. 1955ean New Yorkera iritsi zen 19 urterekin, eta Danian hasi zen jokatzen, Floridan. Jai Alairen urrezko garaia zen. Daniako eta Tampako frontoiak 1953an inauguratu ziren eta West Palm Beachekoa 1955ean. Daytonakoak 1959an irekiko zituen ateak eta Orlandokoak 1962an. Urte gutxiren buruan, Julio jokalari bikaina bihurtuko da.
1. irudia. Julio Anchía gaztetan bere saskiarekin (argazkia https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Julio_Anchia.jpg)
2. irudia. Floridako Dania Jai Alai Palace-ko pilotari taldea 1955-1956 denboraldian. Julio Anchiak 12 zenbakia darama, hirugarren lerroan, laugarrena ezkerretik (Anchia familiaren politesia).
Danian "urteko hasiberria" bezala nabarmendua izan ondoren, Juliok bat egin zuen 1956an jokalariek antolatutako ekintzekin oinarrizko etekin eta eskubide bila. Frontoietako enpresa kudeatzaileen errezeloen aurrean eta "grebara joateagatik", zehazten du Rafaelek, "nire aita zerrenda beltz batean sartu zuten, eta herrialdetik atera egin behar izan zuen, bere karrera eta migrazio-estatusa galduz. Mexikora joan behar izan zuen, eta han Tijuanako frontoian jokatuko du".
Itzultzean, bere karrera profesionalarekin jarraituko du Miamin eta Daytonan. 1962an, 31 urte eta profesional bezala 15 urte zituela, The Miami News egunkariari aitortu zion, "Prest nago beste 15 urterako. Jai Alaian 10 urteren ondoren sartzen zara zure unerik onenean "(2). 1967an Edurne Michelenarekin ezkondu zen, Mexiko Hirian jaioa eta Bartzelonako Unibertsitatean hezia. Haren aita Justino Michelena pilotaria izan zen, eta Mexikora erbesteratu zen Espainiako gerraren ondorioz. Urtebete geroago, jaioko da Rafael Miamin. Hala ere, etorkizunak ez zuen batera gozoa izan behar.
1968ko denboraldia amaitu ondoren, jokalariek, Julio barne, enpresei lan baldintza hobeak eskatu zizkieten (soldata igoera, osasun aseguru hobea, etab.) edo ez zuten berriro jokatuko hurrengo denboraldian. Bitartean, pilotariek, langile atzerritar eta aldi baterako lan-bisa batekin lotuta, Euskal Herrira itzuli behar izan zuten. Ordezkaezinak zirela uste zuten, baina ez ziren. Enpresetako jabeek euren proposamen guztiak baztertu zituzten, euren bisak ez berritzearekin mehatxatu eta, azkenik, esperientzia eta cache txikiagoko pilotariekin enpresari lotuta jarraitu nahi ez zuten jokalari guztiak ordezkatzen hasi ziren. "Grebaren babesak aitaren karreraren amaiera ekarri zuen", azaldu du Rafaelek.
Markinatik itzuli ondoren, bikote gazteak, haur txiki batekin, bere bizitzak berregin behar izan zituen. Grebak aitaren ametsa eten zuen. "Pilota", gogoratzen du Rafaelek, "Dena eman zion eta dena eraman zuen. Esperientzia traumatikoa izan zen. Pilotaren urrezko urteez ere ez zuen hitz egiten. Ez nuen alderdirik ikusten ". Heziketa formalik gabe eta ingelesa menderatu gabe, Juliok era guztietako lanak egin behar izan zituen Miamin, atez ateko xurgagailuen saltzailea barne, bere amak hezkuntza munduan bere karrera hasi zuen bitartean.
Denborarekin, Julio pilotara itzuliko da. Lehenengo, afizionatuentzako South Miami Amateur Jai Alai eta Orbea 's Jai Alai kantxak gobernatu zituen eta geroado zestagile eta pilotagile lanetan hasiko zen eta lan honetan bere bizitzako gainerakoan segituko zuen. Dania Beach Jai Alai-en hartu zuen erretiroa 2006, 69 urte zituela.
Julio Anchia pilota bat josten Dania Beach-en, pilotagile arituko zen azkeneko urtean
(Florida Today, 2006ko urtarrilaren 23a)
Julioren istorioa, beste hainbat pilotariena bezala, agitutako tragediari gaina-hartze edo gainditze istorio bat da, behartuta bere gailur profesionalean lanbidea bera uztera langile-eskubideei uko egin baino lehen. Dauzkan arraza berdintasun eza eta arraza banaketa sakona gainditzea lortzen ez duen atzoko eta egungo Amerika bateko istorioak dira. "Nire aitak argi ikusten zuen hezkuntza aukerek daukaten garrantzia zailtasunak gainditzeko, egin beharreko sakrifizioei erreparatu gabe, nire aukerak bizitzan handiagoak izan ahal zitezen", baitesten du Rafaelek. Izan ere, Rafael, pilotaria 4 urteetatik, hautatua izan zen AEB ordezkatuz Munduko Euskal Pilota Txapelketa joka zezan 1986an Gasteizen. Bere aitaren errezeluen aurrean eta Dallas Texasko Southern Methodist University-n ikasteko beka bat eskaini ziotela, Rafaelek bere aitaren aholkua segitu zuen horrek bere pilotari karrera bertan behera amaitzea ekarri bazuen ere. Jai Alaiaren 1988ko grebak erabakia baitetsi zuen. Bere pilota lankideak lanik gabe geratu ziren.
Rafael Anchía con su hermana Christina y sus padres Julio y Edurne
en Miami en marzo de 2016 (cortesía de la Familia Anchía)
Bitartean, itzul gaitezen Euskal Herrira eta gaur egunera, Baiko enpresako hamabost pilotariek lanuzteak hasi zituzten joan den urriaren 6ra, lehiaketa ofizialei eraginez. Hogeita bat egun geroago akordio batera iritsi ziren Esku Pilota Enpresen Ligarekin, euren aldarrikapen gehienak onartuta, urteko gutxieneko soldata gordina eta joan-etorriengatiko dieten ordainketa barne. Aldi berean, pilotarien lehenengo elkarte bat sortu zen euren langile interesen alde egiteko. Denek irabazten zuten.
Aitzitik, hiru hamarkada lehenago, Estatu Batuetako puntistek 1988tik 1991ra egindako grebak marka tristea lortu zuen, amerikar kirol profesionaleko luzeena izan baitzen. Azken minutura arte enpresek ez zuten onartu ere egin Jai Alaiko pilotarien elkartzeko eskubidea, ezta Jai Alai Jokalarien Nazioarteko Elkartea bera ere (IJAPA, International Jai Alai Players Association), puntista gehienak atzean zituena. Beste garai batzuk ziren eta beste herrialde bat, eta jokalarien aldeko ebazpena egon arren, Jai Alaia ez zen sekula aurrekota itzuli, ez kirol gisa, ezta negozio gisa ere. Dena ala ezer ez zen jokoa, eta denek galdu zuten (1).
Geroari begira jartzen gara, oso jakitun Estatu Batuek bizi duten egoera soziopolitikoaz, irtenbide errazik ez duela dirudien lubaki ideologikoen gerra batean murgilduta. "Denok daukagu iragan bat, eta gure seme-alabek oinordetzan hartzea nahi dugun oraina eraikitzen saiatu behar dugu", amaitzen du Rafaelek. Jokoak aurrera darrai.
(1) Abrisketa González, Olatz. "A Basque-American Deep Game: The Political Economy of Ethnicity and Jai-Alai in the USA", Studia Iberica et Americana, Year 4, Issue 4 (December 2007): 179-98. The Miami News. 1962ko otsailaren 17a. 16. or.
(2) The Miami News. 1962ko otsailaren 17a. 16. or.