euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rafa Molina: "Neuquen-en abiatzekotan gara euskal etxea, Athleticen partidak telebistaz ikusteak bizitza ematen dit"

2015/11/27

Rafa Molina durangarra, herriminak jota, euskal etxe bat sortzearren ari da lanean Neuquen-en, Argentinan (argazkia EuskalKultura.com)
Rafa Molina durangarra, herriminak jota, euskal etxe bat sortzearren ari da lanean Neuquen-en, Argentinan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Rafa Molina durangarra da. 54 urte dauzka eta badira bost bat urte iritsi zela Neuquen-era bere egungo bikotearekin, argentinarra berau, Euskal Herrian ezagutu ondoren. Ez zaio erraza gertatzen ari baina gogor ari da euskal etxe bat sortzeko lanetan. kontinente barneko hiri patagoniar honetan bizi diren euskal herritarrak eta euskaldunen ondorengoak biltzearren.

Joseba Etxarri. Dauzkan milioi laurden biztanleekin Neuquen izen bereko probintziako hiriburua da Argentinan eta Patagoniako hiri handiena. Petroleo hiria, ez dauzka bere bizilagunen artean gure solaskidearen pareko europar gehiegi, Rafa Molinak maiteminak jota utzi baitzuen Euskal Herria hemen bizitza berri bat hasteko, eta fase horretan dabil, lan aldetik egoera sendotu nahian, eta egokitzen hiri eta gizarte honetara, etengabe hazten ari den hiria baita Neuquen, kosmopolita eta arimagabea batzuetan; zerikusirik ez atzean utzi zuen Durangorekin, ahaideak, kuadrila eta sorterriaren berotasunarekin.

Nola iristen da durangar bat Neuquenera?

-Banandua nengoen eta egun bikote dudan neska ezagutu nuen, argentinarra bera. Maitasunak ekarri ninduen. Baina egia da baita ere aldaketa bat behat nuela nire bizitzan. Lehenengoz hilabete batzuk etorri nintzen, hemen bizitzea bideragarria al zen testatzeko: momentu hartan han ez zen oraindik krisiaren okerrena lehertu eta ez zegoen euskal edo espainiar emigrazio handirik Argentinara. Izan ere, krisiarekin jende asko etorriko zen, bereziki lehenago, korralito garaian, hara emigratu zuten argentinarretako asko atzera etorri ziren egoera erabat zaildu zitzaienean. Nire kasuan, hona etorrita, kostatu zitzaidan egokitzea eta lana topatzea; changak egitera dedikatu naiz, honela deitzen baitiete hemen noizbehinkako lanei. Orain badut lana, kirol instalazio batzuetan, baina denetarik egin dut, egokitu izan zaidana, esaterako, haltzariak muntatu... etxeko sukaldea ere neronek muntatu nuen, gure etxebizitzako beheko parte osoa bezala.

Erraza izan ez duzula atxeman daiteke.

-Orain ongi nago, baina berrogeita hamar urterekin zeure herrialdea uztea ez da hogei urterekin egitea bezala. Leku berri batera iristen zara eta, nahiz eta hizkuntza bera mintzatu gauzak desberdinak dira eta horretara egitea ez da erraza. Gauza asko botatzen dituzu faltan. Eta batzuetan erreakzioak ere paira ditzakezu paperekin-eta hemengo agintari edo ofizialen aldetik, zeu zaku berean sartuta, esaterako telebistan entzuten zenean argentinarren bat Barajasera heldu eta poliziak atzera bota zuela. Bestalde, hemengo bizitza eta Buenos Aireskoa desberdinak dira baita ere. Gauza txar batzuk bietan topa ditzakezu, hala nola seguritaterik eza kaleetan, eta horrek ekar dezake bizimodua etxetik lanera eta lanetik etxera izatea egunero. Baina esan beharra dago Neuquen probintzia aberats bateko hiriburua dela, petrolioa baitago hemen. Vaca Muerta-ko hobi famatua hemen dago eta batzuek Dubai txikia deitzen diote eskualde honi, petrolioaren gaia geldituta badago ere, erabaki politikoak tarteko. Asko, joan den igandeko presidente hauteskundeen zain zeuden, ikusteko egoera hori aldatzen zen ala ez. Macrik irabazi ditu eta esaten dute karguratzen denean, abendutik aurrera, hori guztia aldatzera eta aktibatzera doala.

Ulertzen al duzu politika argentinarra?

-Puf (keinu esanguratsua egiten du). Handik gatozenoi asko kostatzen zaigu ulertzea, ez da erraza, peronismoak hainbat adar eta zati dauzka eta zail samarra gertatzen da.

Argi duzu, baina, euskal etxe bat sortu nahi duzula.

-Iritsi eta berehala hasi nintzen beste euskaldun batzuen bila. Lehenengo, interneten, euskal etxerik bazen-edo aritu nintzen, egia baita euskal abizen asko dagoela hemen, kale izen asko... Duela hilabete batzuk topatu nuen San Martin de los Andes herrian, Neuquen probintzian baina Andeen aldean, hemendik bost bat ordutara autoz, euskal etxe bat abiatzen ari zirela. Eurekin harremandu  eta euren jaietako batzuetan parte hartzera gonbidatu ninduten, baina niretzat larregi da hamar orduko joan-etorria egin beharra. Dena den, hemen dauden euren ahaide eta lagun batzuen izenak pasatu zizkidaten eta gauza mugitzen hasi gara. Bitartean, kontu bat zabaldu nuen Facebook-en, Neuquengo Euskal Etxearen izenean, interesatuak batzen joateko. Eta horretan gabiltza. Hilabete honen 5ean bilera bat egin genuen, zeu hirira etorri zinela baliatuta eta geroztik berriz bildu eta datorren astean hirugarren bilera bat egingo dugu, jende gehiagorekin. Asmoa, lehenengo dei publikoa egitea da, publizitatea emanez eta jendea bilduz. Xehetasunak datorren asteazkenean erabakiko ditugu. Deia afari baterakoa izango da eta udako oporren aurretik egin nahi dugu, abenduan seguruenik, hemen uda betean sartu aurretik.

Zure etxearen goialdean ikurriña eta Athletic-en bandera ipinita dauzkazula esan didate.

-(begiak bizi-bizi jartzen zaizkio) Athletic pasio dut. Athletic-en partidak sakratuak dira nire etxean. Bi urte baino gehiago dira ez naizela Euskal Herrira joan eta ez dut oraindik San Mames Barria ezagutzen.  Bai, hodi luze bat ipini nuen etxean Athletic-en bandera eta ikurriñarekin eta desharilkatzen joan zaizkit, haizeak gogor jotzen baitu hemen, baina lortu ditut dagoeneko bandera berriak. Partidak kable kanal batek pasatzen ditu eta ez dut bat ere galtzen, jokatzen duten edo ematen duten ordua edozein izanik ere. Oso barruan daramadan gauza da eta bizitza ematen dit. Euskal etxearekin aurrera egindakoan, athleticzale gehiago batzea espero dut. Egundokoa litzateke momentu horiek partekatu ahal izatea eta partidak talde gisa elkarrekin ikustea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia