Hogei urte bete ditu aurten Quebeceko Euskaldunak elkarteak, 20 urte Ipar Amerikako bazter honetan euskal kultura sustatzen eta zabaltzen. Abuztuaren 26tik 28ra elkarteak festa egin zuen, urteurrena ospatuz, Iparraldeko Xutik taldearen musikarekin.
euskal diaspora eta kultura
2016/09/01
PUBLIZITATEA
Hogei urte bete ditu aurten Quebeceko Euskaldunak elkarteak, 20 urte Ipar Amerikako bazter honetan euskal kultura sustatzen eta zabaltzen. Abuztuaren 26tik 28ra elkarteak festa egin zuen, urteurrena ospatuz, Iparraldeko Xutik taldearen musikarekin.
Montreal, Quebec. Quebeceko Euskaldunak elkarteak festa giroan amaitu zuen abuztua, elkartearen 20. urteurrena ospatuz. Orain dela 20 urte, Euskal Herritik aspaldi etorritako lau gizonek sortu zuten elkartea, tartean joan den apirila arte presidente izan den Jean Goyenetche.
Hastapenean, elkartearen helburu nagusiak ziren euskaldunen ondare historiko eta kulturalaren garrantzia nabarmentzea, eta loturak sortzea Quebeceko euskaldunen eta Euskal Herriaren artean, bai eta Quebeceko euskaldunen eta gobernu-erakundeen eta bere burua euskalduntzat duen mundu osoko pertsona ororen artean.
Elkarteak 20 urteak ospatu zituen iragan asteburuan, horretarako zenbait jarduera berezi antolatuz. Ostiralean elkartearen argazki historikoekin erakusketa inauguratu zen euskal etxean.
Larunbata izan zen urteurreneko egun handia eta, besteak beste, herri bazkari bat, Rhode Islandeko euskal etxeko aizkolarien erakustaldia eta Xutik taldearen kontzertu bat egin ziren. Igandean, festa aire zabalean izan zen, piknika batekin eta elkarteak bere trainerua atera zuen, nahi zuenak arraun pixkat egin zezan.
Elkartearen gaztetzea
Elkarteko presidenteorde Amande Anin ustaritzarrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, gaur egun 105 lagunek osatzen dute elkartea. Batzuk 20-30 urte bitarteko gazteak dira, Quebec-era ikastera edo lanera etorri direnak. Besteak 70 urtetik gora, aspaldi bertan bizi diren euskaldunak. Elkartea berritze prozesu batean da, eta gazteak zuzendaritzan sartzen ari dira gero eta gehiago.
"Lekukoaren transmisioa oso goxoki pasa dela esna beharra dago, Jean Goyenetche - elkartearen sortzaileetariko bat eta elkartearen lehendakaria – oso lagungarri izan baita eta gure baitan fida asko izan baitu. Gaur egun, 11 gara, 5 neska eta 6 mutil. 9 Euskal Herrikoak, 2 kebekiarrak. Elkarteburua, eta bi elkarteburuak 30 urte inguru ditugu; diruzaina, Iñaki, donostiarra, 70 urte baino gehiago ditu. Elkartean dugun aniztasuna zuzendaritzan ere nabaritzen da eta hori da lortu dugun gauza politena nire ustez", dio Amandek.
Euskara eta trainerua
Elkartearen gaztetzea duela bi edo hiru urte hasi omen zen, bi jardueren inguruan: euskararen erabiltzearen sendotzearekin eta traineruaren agertzea, Indianoak proiektuaren ondorioz. 2013an Iparraldeko Ibaialde elkarteak espedizioa egin zuen San Lorenzo ibaian gora, eta amaitzean, trainerua oparitu zion euskal etxeari. Egun, trainerua astean bi aldiz ateratzen da, eta nahi duenak egin dezake arraun bertan. Jarduera honek gazteak erakarri ditu.
Bestalde, euskara ikastaroetan 15 bat lagun dabiltza, bi maila desberdinetako taldeetan banatuta. Dantza tailerrak ere egiten dira, eta baita mintzaldiak, erakusketak eta gaualdiak ere (Danborrada, Ihauteriak, Gabonetako afaria, Aberri Eguna, eta abar).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus