euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebeceko EEak 15 urte: "Halako ekitaldi batek guti inplikatzen zirenentzat motibazio handia sortu du"

2011/09/28

Urteurren jaiaren biharamunean Mont Royal mendira osteratxoa egin zuten Euskaldunakeko eta NABOko zenbait lagunek (argazkia AMejias)
Urteurren jaiaren biharamunean Mont Royal mendira osteratxoa egin zuten Euskaldunakeko eta NABOko zenbait lagunek (argazkia AMejias)

PUBLIZITATEA

Oso pozik ageri dira Quebeceko Euskaldunak-eko kideak euskal etxearen 15. urteurrenaren ospakizunekin. Iragan irailaren 16tik 18ra ospatu zuten elkartearen urtebetetzea eta, aldi berean, NABO erakundearen bilkura ere antolatu zuten. "Sekulako desafioa izan da guretzat", azaldu dio EuskalKultura.com-i Euskaldunak-eko presidenteak, Adelaide Daraspe urruñarrak. "Gure euskal etxe ttikia ez zen halako proiektu handietan ohituratua. Baina motibazio handia eta ikasteko nahiarekin lortu dugula erran nezake. Iduritzen zait halako ideia berriei esker atxikiko dugula gure euskal etxea bizi bizirik", adierazi du.

Montreal, Quebec. Irailaren 16tik 18ra ospatu zuen Quebeceko Euskaldunak elkarteak bere 15. urteurrena, eta ederki ospatu ere; baina Montrealen bizi izan ziren gau eta egun alaiak urtebeteko prestakuntza eta lan gogorraren emaitza izan dira. Abiapuntua Ipar Amerikako Euskal Erakundeen (NABO) bilkura antolatzeko proposamena izan zen.

"Benetan poztu gintuen, joan den urtean Lincoln-en, Kalifornian, proposatu genuen bilkura horren antolaketa onartu zutenean NABOko ordezkariek", azaldu digu Adelaidek. "Geroztik sekulako desafioa izan da guretzat. Urte bat genuen gure 15 urteetarako ospakizuna prestatzeko. Lan ta lan ari izan gira hiru egun horietan dena prest egoteko ahaleginak eginez. Zenbat gauzatxo pentsatzeko!"

Quebecar kultura

Elkarteak urteurreneko ekitaldiak "Euskal-Quebecar" arrats batekin hasi zituen. "Québec eskualdean bizi gara eta quebecarren kultura erakutsi nahi genien Euskal Herritik eta Estatu Batuetatik etorri euskaldunei", azaldu du Daraspek. NABOko gonbidatuek Montreal zaharrari bisita egin eta poutine izeneko platera tipikoa afaldu zuten. Ondoren 300 bat lagun bildu ziren Kalakan taldearen kontzertura. "Bi quebecar kantari, Gabrielle Bouthillier eta Liette Remon gonbidatu genituen Kalakan taldekoekin kanta dezaten. Kalakan taldearen bi kantu landu zituzten eta euskal kantariek, bi quebecar kantu kantatu dituzte ere bi emazte horiekin. Oso kontzertu polita izan da", esan du Daraspek.

Larunbatean NABOren bilkura izan zen. Euskaldunak-ek hainbat ekarpen egin zituen bilerara: "Angela Mejias argazkilariaren 'Geroa eta Itxaropena' deituriko erakusketa aurkeztu izan dugu Montrealen, Euskal Kultur Erakundearen sostenguari esker. Orain, New York-eko euskal etxearekin hitz egiten ari gara Angela Mejias-en erakusketa bidaia arazteko". Elkarteak Michel Hacalak margolariaren bost lan ere aurkeztu zituen eta artistaren azken proiektuaren berri eman zuen: historia eta artea konbinatuz euskaldunen presentzia Ipar Ameriketan irudikatzea.

Folklorismotik atera

Horrez gain, Euskaldunak-ek ezagutzera eman zuen beste egitasmoa Iparraldeko Konpilazioa proiektua izan da. "Erran behar da, Euskaldunak Québec elkartearen helburua, preseski, ohiturazko folklorismotik atera eta Euskal Herriaren oraingotasuna aurkeztea dela. Iparraldeko Konpilazioa elkarteak gaur egungo Iparraldeko taldeak ezagutarazi nahi ditu. Bi elkarteen harreman onari esker, proiektu hori Ipar Amerikako Diasporan ezagutarazi ahal izan dugu", gehitu du Daraspek.

Bilkura ondotik, arratsaldeko bostetan hasi zen urtebetetze besta. Kalakan taldeak kontzertua eskaini zuen eta 130 bat pertsona bildu ziren afarira, tartean Montrealeko auzapezaren ordezkari bat ere. Elkarteari 'Zorionak Zuri' kantatu zioten eta euskal etxeko ume batek urtebetetze tartako kandelak ufatu zituen. "Oso besta ederra izan da eta benetan pozten gaitu. Ipar Amerika osoko eta Euskal Herriko euskaldunek momentu goxo bat pasa dute, giro polit batean", azaldu digu Daraspek.

Euskaldunak Quebec 15 urte (1)

[Adelaide Daraspe, Euskaldunakeko presidentea, urtebetetze tartarekin (argazkia AMejias)]

Euskaldunak Quebec 15 urte (2)

[Elkarteko kide eta lagunek gustura ospatu zuten Euskaldunak-en urtebetetzea (argazkia AMejias)]

Biharamonean, Mont Royal mendira osteratxoa egin zuten zenbaitek --"motibatuenak", dio Daraspek-- eta ondoren Takatunk taldeak animaturiko bazkariarekin itxi ziren ekitaldiak. 

Motibazioa sortu

Laburrean, asteburuaren balioespena baikorra dela oso agertu du Daraspek. "Gure euskal etxe ttikia ez zen halako proiektu handietan ohituratua. Baina motibazio handia eta ikasteko nahiarekin lortu dugula erran nezake. Benetan uste dut halako ekitaldi handi batek euskal etxean gutti inplikatzen ziren pertsona batzuentzat motibazio handia sortu duela. Besta horren aparte, orain proiektu eder batzu ditugu segitzeko. Iduritzen zait halako ideia berriei esker atxikiko dugula gure euskal etxea bizi bizirik. Zorionak Euskaldunak Québec!", amaitzen du Euskaldunak-eko lehendakariak.

-Quebec-eko Euskaldunak elkartearen webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia