euskal diaspora eta kultura
2013/03/21
PUBLIZITATEA
Montreal, Quebec. Euskaldunak Euskal Etxeak Inauteri Jaiaren baitan ongi etorria eman zion martxoaren 3an Adelaide Daraspek eta Christophe Paviak sortutako ikuskizunari. Bertan Manolo Alcayaga joaldun hendaiarrak --Bidasoako joaldunak taldeko kideak-- antzinako ohitura honi buruz hitz egin zien elkarteko kideei eta joaldunen jantzia erakutsi zien. Alcayaga "Zortzi"-ren emanaldian parte hartzeko etorria zen Quebec-era.
Azalpenaren ondotik Christophe Paviak bere orrazkera artistikoak egin zizkien hala nahi izan zuten elkarteko kideei. Jaiari amaiera emateko elkarteko dantzariek erakustaldia egin zuten.
[Euskal Etxeko kideak eta "Zortzi" ikuskizuneko artistak (argazkia Photograph'ink)]
Ikuskizun harrigarria Rialton
"Hura, ordea, ekimen nagusiaren aurrekaria baizik ez zen izan", azaldu dio EuskalKultura.com-i Adelaide Daraspek. Izan ere, martxoaren 7an "Zortzi" Rialto antzokian aurkeztu zuten, Euskal Etxeko bazkideak partaide. "Ikuskizunaren helburua Euskal Herriko Inauteriak ikuspuntu berritzaile eta moderno batetik aurkeztea zen", adierazi du Daraspek.
Ikuskizuna bideo emanaldi batekin hasi zen eta ondoren Manolo Alcayaga joaldunak hartu zuen agertokia, eta joarearen soinuak bete zuen Quebec-eko antzokia. Jarraian, Christophek joaldunen txanoetan oinarrituriko orrazkerak egin zituen eta zazpi txano aurkeztu zituen. Zortzigarrena Donapaleuko Kilimon joaldun taldeko Bernadette Leizagoyenek egina da.
[Zortzi ikuskizuneko "joaldunak" Rialto antzokiko taulagainean (argazkia Photograph'ink)]
[Christophe Pavia artista orrazkera bat egiten Rialtoko ikuskizunean (argazkia Photograph'ink)]
Emanaldiari bukaera emanez, euskal etxeko dantzariek Lantzeko Inauterietako dantza bat dantzatu zuten. Ikuskizunak harrera bikaina izan zuen eta Adelaidek, Christophek eta Manolok ikusleen galderei luze eta zabal erantzun zieten.
New Yorken ere
Quebecetik New Yorkerako jauzia egin zuen proiektuak. Martxoaren 9an Daraspek Quebec-eko eta Kanadako euskaldunei buruzko hitzaldia eman zuen Euzko Etxean, eta, bidenabar, "Zortzi" proiektuaren berri eman zuen. Manolo Alcayagak joaldunen jantzi eta tekniken erakustaldia eman zuen eta Christophe Paviak elkarteko lau neska orraztu zituen.
[Adelaide Daraspe Central Park-en (argazkia Photograph'ink)]
Ikuskizunak New Yorkeko kaleetan ere izan zuen islarik, izan ere, Manhattango bizilagun bat baino gehiago zur eta lur gelditu zitzaien Adelaideri eta bere orrazkera ikusgarriari begira. "Ekimen hau Euskal Kultur Erakundearen laguntzari esker gauzatu ahal izan dugu. Eskerrik asko euren babesagatik!", amaitu du Daraspek.
New York-etik eskerrak luzatzen dizkiogu Montréal-go Euskal Etxeko lehendakari den Adélaïde Darasperi, gure Etxera etortzeko gonbitea onartu zuelako eta berarekin batean "Zortzi" ikuskizuna (Christophe Paviak zuzendurikoa) eta joalduna (Manolo Alcaya)ekartzeagatik. Oso arratsalde atsegina igaro genuen zuek guztiekin!
Aitzol Azurtza, 2013/04/11 07:36
Milesker bihotz bihotzetik Manolo Montrealera eta gurekin NY era etortzeagatik. Zoragarria izan da Montrealeko kideentzat zure esperientzia entzun eta euskal kulturari oraindik gehiago idekitzea. Gora Zortzi proiektua!!! :D
Adelaide Daraspe, 2013/03/25 15:39
Kaixo lagunak, bai Adealide Daraspe eta Montréaleko diasporaren esker izatu naiz joaldunen tresnak et ohiturak erakustera. Neretako gauz berri bat zen. nola ta ez nuen beine ikusi barrutikan diaspora ko bizia. Txalotzeko zarete denok. Esaten nuen bezala Montrealetik zuzenean Euskal Irratiari. Nere iduriz, zuek gu baino gehiago maite duzute Euskal Herria. Biba zuek eta segi orrela Manolo Alcayaga Goikoetxea Bidasoako Joalduenen arduraduna
Manolo Alcayaga Goikoetxea, 2013/03/21 14:16
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus