euskal diaspora eta kultura
2012/01/31
PUBLIZITATEA
Montreal, Québec. Euskaldunak euskal etxeko bazkideak belarria irratiari itsatsita izango dira igande honetan, eta ez da harritzekoa. Elkartea Kanadako irrati entzunena den Radio Canada-ko Babylone Café saioko protagonista izango da. Irratsaioa Euskal Herriari buruzko emankizun berezia prestatzen aritu da azken asteetan, eta Quebec-n bertan dagoen euskal elkartearengana jo dute kazetariek informazio bila.
"Benetan oso gauza ona da gure euskal etxearentzat, halako irrati saio ezagun batean pasatzea oso publizitate handia baita", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko presidenteak, Adelaide Daraspe urruñarrak. "Espero dugu gure ekitaldietara jende gehiago ekar-araziko ditugula horri esker".
Irratsaioan 15 minutuko elkarrizketa egingo diote Darasperi, elkarteari buruz eta, orohar, euskal kulturari buruz. Horrez gain, iragan astean kazetari bat izan zen euskal etxean, elkarteko euskara klase bat grabatzen. Irratsaioa igandean, arratsaldeko ordu bietatik hiruak arte aireratuko da eta, horren ostean, internet bidez izango da entzungai helbide honetan.
Ondoren, Inauteriak
Euskaldunak datozen egunetarako ekitaldi berri gehiago ari da prestatzen eta datorren otsailaren 10ean Inauteriak ospatuko ditu elkarteak. Horretarako, arratsaldeko bostetatik seietara euskal mozorro lantegi bat egingo da elkartean eta nahi duenak parte hartu ahalko du bertan (aldez aurretik izena emanik).
Ondoren, zazpietan, Adelaide Daraspek berak "Le Carnaval au Pays Basque/Ihauteriak Euskal Herrian" izeneko solasaldia eskainiko du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus