euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebec-eko Euskaldunak elkarteak ekimen eta proiektu berriez jantzia datorren 2008 urteari ongi etorria egin dio

2007/12/28

Olentzerok itxi zuen urtea Quebec-eko Euskal Etxean, baina ekimenez eta ilusioz betetako 2008ari ireki zizkion ateak (argazkia EuskaldunakEE)
Olentzerok itxi zuen urtea Quebec-eko Euskal Etxean, baina ekimenez eta ilusioz betetako 2008ari ireki zizkion ateak (argazkia EuskaldunakEE)

PUBLIZITATEA

Quebec-eko Euskal Etxeak joan den abenduaren 9an egin zuen bere Eguberri jaia eta elkarteko kide eta lagunak 2007ari agur esan eta ekimenez eta ilusioz josia datorren 2008ari ongi etorria egin zioten. Elkarteak bultzada handia eman nahi die bere jarduerei datorren urte honetan eta horretarako euskara klaseak berriz era abian jarriko ditu, webgunea berrituko du --ari da, dagoeneko-- eta Quebec-eko beste kulturetako taldeekin lankidetza eta ekimen amankomunak sustatuko ditu. Maiatzean gainera Quebecen kontzertuak ematera datorren Euskal Herriko koral bat hartuko dute.
2007a 'urte lasaia' izan da Euskaldunak elkartearentzat, baina 2008a 'ekimen eta ilusio berriz beteta' dator, Quebec-eko Euskal Etxeko arduradunen esanetan. Ekimen berri horien artean aipagarriak dira bereziki Iparraldeko koru eta dantza taldeekin egingo diren ekitaldiak. Quebec-en sorreraren 400. urteurrena ospatzera etorriko dira Iparraldekoak eta Montrealen, nola ez, ongi etorria egingo diete Euskaldunak-eko kideek. Monique Behaxeteguy Euskaldunak-eko idazkariak EuskalKultura.com-i aurreratu dionez, maiatzean Donibane Lohizuneko koral bat izango da Quebec-en.

Euskal Etxeak esku artean duen beste ekimen garrantzitsu bat euskara klaseen buelta izango da. Oneka Alvarez, Montrealeko Unibertsitatean ari den EHUko ikaslea, izango da euskara ikastaroaren irakaslea. Elkarteak Montrealen ikasten duten euskaldunen aldetik jasotzen duten laguntza azpimarratu du. 'Onekak Jose Maria Sauca irakasle gasteiztarraren laguntza ere izango du. Jose Maria tesia egitera etorri da hona’, azaltzen du Behaxeteguyk. Euskara klaseek hamar bat ikasle hartu zituzten iaz eta aurten kopuru hori gehitzea espero dute arduradunek. Klaseak euskal kultura eta elkartea bera ezagutzera emateko modu bikaina omen dira, 'euskara ikastera datozenen gehiengoak ez duelako hasieran elkartearekin harremanik, euskararekiko interesa baino ez'.

[Goiko irudian elkarteko kide eta laguna Quebec-eko Euskal Etxearen egoitzan eginiko topaketan (argazkia EuskaldunakEE)]

Euskaldunak ezagutzera eman

Elkarteak dituen erronken artean dago hain zuzen ere, Euskaldunak ezagutzera ematearena. 'Elkarte txikia gara, 65 bazkide ditugu eta ekitaldietan ehun bat pertsona biltzen gara’, azaltzen du Moniquek. 'Quebec gizarte multikulturala da eta gu bezalako talde asko daude. Eurekin harremanak sakondu nahi ditugu eta ekitaldiak elkarrekin antolatu'.

Ezagutarazteko modu bikaina elkartearen webgunea izango da. Datorren urtean bultzada berria izango du webguneak --hasi da jada--, Victor Piron gasteiztarraren eskutik. Piron Montrealen bizi da gaur egun eta bere gain hartu du webgunea berritzearen ardura. Datorren urte honetan webgunea kudeatuko du, albisteak, argazkiak eta agendako hitzorduak internet bidez bazkideei helaraziz. Jarduera berrien artean dantza ikastaroa ere eskainiko du Euskaldunak-ek eta baita margo tailerra ere, Chantal Lachausséek gidatuta.

[Goiko irudian Quebec-eko Euskal Etxearen beste ekitaldi bat (argazkia EuskaldunakEE)]

Ateak irekita munduko euskaldunei

Behaxeteguyk burutu ezin izan dituzten ekimenak ere aipatzen ditu, horien artean Bordeleko Euskal Etxearekin egin nahi zuten senidetzea. Azkenean ez da posible izango, Bordeleko Euskal Etxeak espero zituen dirulaguntzak jaso ez dituelako eta ezin izan baitute bordelesek Quebec-era bidaiatu, senidetzea burutu eta Euskaldunak-eko lagunekin harremanak estutzeko.

Hala ere elkarteak Quebec ezagutzera datozen munduko euskaldunentzako harrera tokia izaten jarraitzeko asmoa agertu du. Quebeceko euskaldunen abegikortasuna ezaguna da jada eta horrela kontatu dezakete 'Apaizac obeto' espedizioko kideek --antzinako txalupa batean inguru hauetako kostan barrena bidaia egin zuten-- edota azken asteotan bertan izan den Michel-Antoine Goitia-Nicolasek, Louisianako Euskal Etxeko presidentea, Katrina hurakanaren ondorioz oso kaltetuta gelditu zen euskal elkarteburua, alegia.


Lotura interesgarriak

Euskaldunak, Association des Basques de Québec
www.euskaldunakquebec.com

Euskaldunak-ek txangoa egingo du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 10ean

Quebec-eko Euskal Etxearen 10. urteurrena (gazt.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko ekainaren 20ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia