euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebec-eko Euskaldunak elkarteak Charlevoix-eko Euskal Baserrira egin du aurtengo txangoa

2012/05/21

Euskaldunak elkarteko Ernest Behaxateguy Charlevoix-ko Euskal Baserrian (argazkia JLafourcade)
Euskaldunak elkarteko Ernest Behaxateguy Charlevoix-ko Euskal Baserrian (argazkia JLafourcade)

PUBLIZITATEA

Euskaldunak elkarteak urtean behin bazkide talde bat bildu eta bidaia egiteko ohitura hartua du. Aurtengo bidaiaren helburua Quebec-eko bazterrak hobeto ezagutzea zen, Adelaide Daraspe presidenteak EuskalKultura.com-i esanik, eta Taldeak Montrealetik lau ordutara dagoen Saint-Anne urjauzia ikusi eta biharamunean Charlevoix-en dagoen 'Euskal Baserria' bisitatu zuen. Euskal jatorriko bikote batek, Isabellek eta Jean-Jacques Etcheberrigarayk, muntatu du baserria eta bertan euskal produktuak saltzen dituzte.

Montreal, Quebec. Euskaldunak elkarteak Quebec-eko inguruak ezagutzeko bidaia egin du maiatz honetako bigarren asteburuan. Ostera hau egiteko ohitura 2010 urtean hasi zen, elkarteak New Yorkera egin zuen txangoarekin. Orduan helburuak Ellis Island-en aurkeztu zen euskaldunei buruzko erakusketa ikustea eta bertako euskal etxea ezagutzea izan ziren. Iaz elkarteak ez zuen bidaiarik egin, Euskaldunak-en 15. urteurreneko ekitaldiak antolatzen buru belarri ari zelako lanean.

Halatan, aurten gogotsu hartu zuen elkarteak asteburu osoko bateko bidaia egiteko aukera eta Quebec herrialde zabala ezagutzeko aukera baliatu nahi izan dute bazkideek. Bidaia larunbat goizean hasi zen, Montrealetik irten eta bertatik lau ordutara dagoen Canyon de la Chute Saint Anne delako urjauziraino. Inguru ikusgarri honetaz gozatu ostean taldea Ile aux Coudres uhartera joan zen eta bertan egin zuen lo. Biharamunean, irla bisitatu eta sagardoa erosi ostean --bertako espezialitatea baita--, Charlevoix-ko 'Euskal Baserri'ra joan ziren.

Quebec Bidaia 2012 (1)

[Euskaldunak elkarteko kideak Saint-Anne urjauzi gaineko zubian, ikurrina eta guzti (argazkia JLafourcade)]

Isabelle eta Jean-Jacques Etcheberrigaray euskaldunak dira euskal baserri honen buruak eta bertan euskal produktuak saltzen dituzte, Izar eta Alaia alaba gaztetxoen laguntzarekin. Bikotea Quebec hirian bizi zen baserri edo 'farma' honen abenturari ekitea erabaki zuenean. Isabelle, berez Mihura deituradun jaio zen Parisen, gurasoak baztandarrak; eta Jean-Jacques, berriz, lapurtarra da, famili jatorri urrunagoa Zuberoan. Euskal kantuzale eta kantari polita da Jean-Jacques, Euskal Herriko lagunarteko modu eta kantu-mota tradizionalean. Biak lan urbanotan ari ziren (Jean-Jacques Quebec hiriko hotel handi eta esanguratsuenetako bateko goi-langilea zen, nazioarteko kate batean) bizimodua aldatu eta ahate gibelaren eta baserri mozkinen mundura etortzea deliberatu zutenean.

Familiak harrera beroa egin zion taldeari, kontent euskaldun koadrila bat errezibitzeagatik eta aperitifa eskaini zien. "Horren ondotik, bertako produktuekin piknika eder bat ukan genuen, baserriaren bisita egin aitzin", azaldu dio EuskalKultura.com-i Adelaide Daraspek. "Giroa eguraldia bezain goxoa izan zen eta asteburua pasa eta, denak poz pozik sartu ginen Montrealera", esan digu.

Quebec Bidaia 2012 (3)

[Taldea Charlevoix-ko 'Ferme Basque' edo Euskal Baserrian aperitifa jaten (argazkia JLafourcade)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia