Montreal, Quebec. Quebec-eko Euskaldunak elkarteak lau egunez luzatuko diren ekitaldiak bilduko dituen Euskal Aste bat antolatuz ospatuko du datorren irailaren 8tik 11ra Montrealen Euskal Diasporaren Eguna. Programa irailaren 8an, Euskal Diasporaren Egunean bertan, estreinatuko da, Pantxoa Etchegoin kulturgileak —aurten bertan Euskal Kultur Erakundeko zuzendaritza lanetik erretreta hartu duen adituak— emango duen La culture basque : mémoire et création hitzaldiarekin, Munduko Musikariak erakundearen egoitzan.
Luxuzko gonbidatu eta hitzaldi honen ondotik, mailari eutsiko dio programak, eta irailaren 9an, ostirala, 'Soka Dantza - Euskal Dantzaren urratsetan' erakusketa multimedia estreinatuko da 12etan Munduko Musikariak-en bertan, lehenengoz erakutsirik Ipar Amerikan. Ondoren, 19etan, dantza emanaldiei bide emango zaie, Bilaka taldearekin.
Soka erakusketa, Pantxoa Etchegoin-ek berak aurkeztuta, Gasteiztik pasatu zenean
Larunbatean, berriz, irailaren 10ean, piknik festaren garaia heldu da: goizeko 9etan pilota esku huska eta mus txapelketak hasiko dira. Eguerdian, aperitifa eta segidan bazkaria gauzatuko dira, menua euskal oilaskoa, gasna eta euskal bixkotxa. 14etan, Bilaka taldearen dantza emanaldia, 15etan mutxikoak, eta 16etan pilota eta mus finalak.
Igandean, irailaren 11ean, ikustea merezi duen 'Soka Dantza - Euskal Dantzaren erakusketa' zabalik egongo da 10etatik 18ak bitartean Munduko Musikariak zentroan. Ameriketara ekarri den bertsioa Euskal Herrian erakutsi zena baino pixka bat laburragoa da, uler daitezkeen arrazoiengatik, baina ederki islatzen du erakusketa honen edertasun eta adierazgarritasuna.
Hona Euskal Astearen programaren afixa euskaraz: