euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebec-eko Euskal Abenturaren Parkeak kultur jaialdi batez museoa inauguratuko du ekainaren 15-17an

2013/04/19

Trois Pistoleseko Euskal Abenturaren Parkearen ongi etorri kartela
Trois Pistoleseko Euskal Abenturaren Parkearen ongi etorri kartela

PUBLIZITATEA

Quebec-eko Trois Pistoles herrian dago 'Parc de la Aventure Basque en Amerique' museoa, euskaldunek eta euskal baleazaleek Amerika iparraldean utzi zuten aztarnari buruzkoa. Aurtengo ekainean parkeak museo berria inauguratuko du eta, hori ospatzeko, hiru eguneko jaialdia antolatu du ekainaren 15etik 17ra. Egun horietan, gainera, helduko dira Quebec-era Indianoak espedizioko arraunlari lapurtarrak, Trois Pistolesetik abiatu eta Montrealeraino Saint Laurent ibaitik joango direnak. Parkeak jaialdira biltzeko gonbitea luzatu die Ameriketako euskaldunei.

Trois Pistoles, Québec. Quebeceko Parc de l'Aventure Basque en Amerique (P.A.B.A.) delakoak Ameriketako euskaldunei gonbidapen oso berezia luzatu die: datorren ekainaren 15etik 17ra Trois Pistoles herrian egingo den jaialdira biltzeko deia. Parkeak museo berria irekiko du eta, hori ospatzeko, hiru eguneko jarduera-egitaraua antolatu du. Gonbitea Quebec-eko Euskal Etxeari eta, bertako Jean Claude Elissalderen bidez, NABO euskal etxeen federazioari luzatu zaio.

'Euskal Abenturaren Parkea Ameriketan' euskal baleazaleen historiari eskainitako museoa da. Quebec-eko Saint Laurent ibaiaren ibarrean eraiki zen orain 17 urte, eta bere helburua XVI. mendeko euskal baleazaleek Ameriketako kostaldean bizi izan zuten abenturaren berri ematea eta, aldi berean, euskal kultura ezagutaraztea. 

Indianoei ongi etorria

Museo berriaren irekierarekin batera, P.A.B.A.k Indianoak 2013 espedizioari (www.indianoak.fr) ongi etorria egingo dio ekainean. Angeluko Ibaialde arraun elkartearen proiektua da Indianoak eta Euskal Herritik arraunlari talde bat ekarriko du Quebec-era, Trois Pistolesetik Montrealera Saint Laurent ibaian bidaia egiteko, aspaldiko baleazaleen gisara.

Indianoen partaidetzarekin eta bertaratzen diren euskaldun guztiekin, P.A.B.A.k dantza eta musika jaialdia egingo du, eta zikiro-jate erraldoi baten inguruan bilduko ditu euskal giroaz gozatu nahi duten lagunak. Parte hartu nahi dutenak parkeko zuzendariarekin harremanetan jar daitezke, bidaia antolatzen eta ostatua bilatzen laguntzeko eskaini baita P.A.B.A.ko lantaldea. Horretarako, e-maila bidali hona:  directionpaba@gmail.com.

AEBetako euskaldunentzako lan eskaintza

Horrez gain, parkeak AEBetako euskaldunentzako interesgarria izan daitekeen eskaintza baten berri eman du. Euskal musikari talde txiki baten bila ari dira, laupabost lagunekoa, uztailean bi edo hiru astez parkean aritzeko. Musika jotzeaz gain, museoan ingeles-hiztunentzako gida gisa aritzeko eskatu zaie, tarteka.

Parkeak egonaldiaren kostu guztiak bere gain hartuko ditu, bertarainoko hegaldia ezik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia