euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Indianoak 2013: Quebec-eko eta Euskal Herriko traineru bat San Lorenzo ibaian gora joango da Montrealeraino

2012/07/24

2003an Ibaialdek San Lorenzo ibaian gora egin zuen espedizioko irudia (argazkia Ibaialde)
2003an Ibaialdek San Lorenzo ibaian gora egin zuen espedizioko irudia (argazkia Ibaialde)

PUBLIZITATEA

Angeluko Ibaialde elkartea eta Quebec-eko Euskaldunak euskal etxea buruz-buru ari dira lanean Indianoak 2013 espedizioan. Urte bete barru, 2013ko ekainean, quebectarrek eta euskaldunek osaturiko traineru batek San Lorenzo ibaian gora 500 kilometroko bidaia egingo du, Trois Pistoles-etik Montrealeraino, XIV. mendeko baleazaleek bezala. Bidean hamabi geldialdi egingo dituzte eta horietan euskal kultura, musika eta gastronomi trukeak egingo dituzte quebectarrekin. Quebec-eko Euskal Etxeko presidente Adelaide Daraspek eman digu proiektuaren berri.

Montreal, Québec. Urtebeteko epea dute Euskaldunak euskal etxeak eta Angeluko Ibaialde elkarteak Indianoak 2013 espedizioa gauzatzeko. Ezta kontu erraza, anbizio handiko proiektua baita: asmoa traineru bat eraikitzea eta Quebec-eko Trois Pistoles herriraino eramatea da eta handik abiatuta San Lorenzo ibaian gora arraunean Montrealeraino joatea. Ibaialdekoentzat ezta, baina, esperientzia berria: 2003an burutu zuten horrelako espedizio bat eta orduan Trois Pistoles herrian dagoen Parc de l'Aventure Basque en Amerique delako parkean utzi zuten trainerua. Oraingoan, Euskaldunak elkartearentzat izango da ontzia, quebectarren artean arraunketa sustatzeko.

Bidaia abentura handi bat izango da, baina baita ere kultur truke bizia egiteko aukera. Euskal arraunlariek quebectarrak hartuko dituzte tripulazioan txangoaren etapa desberdinetan, arraunean egiten erakutsiko diete eta eurekin esperientziak partekatuko. Gainera, euskal musikari eta sukaldari taldeak jarraituko du trainerua eta bidaian egingo dituzten 12 geldiunetan sukaldaritza klaseak, quebectar musikariekin kontzertuak eta kultur ekitaldiak antolatuko dira.

Euskaldunak elkartea sustatzaile

Euskaldunak euskal etxeak Quebec-eko antolakuntzaren ardura hartu du eta buru belarri ari da kontaktuak egiten, ostatuak bilatzen eta proiektuari buruzko interesa sortzen ahalegintzen. "Gure Euskal Etxearen 15 urteak ospatu ditugunean, eta Kalakan taldea etor arazi dugunean, Thierry Biscary musikariak aipatu digu proiektu hori, interesatua ginenez eskatuz", azaldu dio Euskalkultura.com-i Euskaldunak-eko presidente Adelaide Daraspek. "Ondoren, Euskal Herrian nintzenean, Thierry-rekin Ibaialde elkartera joan naiz. Bilkura bat egin dugu Angelun eta proiektu guztia arrats hortan esplikatu didate".

Elkarteak berebiziko interesa izan du proiektuan hasieratik: "Euskaldunak Québec elkarteko taldeak segituan bai erran du, halako proiektu bat gure elkartearen helburu eta interesetan sartzen baita osoki. Egia da Quebec-en, euskal kultura bale arrantzaleen historia buruz ezagutua dela gehienik. Halako proiektu bat, Euskal Herria ezagutarazteko ezin hobea da, hiri nagusietan beste herri ttikiagoetan bezala", dio Daraspek.

Traineru bizia

Espedizioa gauzatzeko finantziazio bila ari dira bi elkarteak, eta horretarako dohaintza sistema bat sortu dute Jean Lafourcade quebectarrak diseinatu duen webgunean. 20 euroren truke traineruaren zati bat "eros" dezakete emaileek eta horrela trainerua Quebecera eramateko behar den dirua bilduko dute antolatzaileek (dohaintza egiteko, jo hona).

Indianoak 2013 proiektuaren helburuetako bat traineru horrek Quebec-en erabilera izan dezala da, espedizioaz haratago. Horretarako, bidaian beti izango da tosta bat libre quebectarrentzat, eta arraunean erakutsiko diete parte hartzen dutenei. Euskal etxeko kideak, noski, arraunari ekiteko prestu dira eta beraiek izango dira aurreneko ikasleak. "Helburua, bertako euskaldunek, baita quebectarrek ere, trainerua erabiltzen ikastea da. Euskal etxea jadanik sartu da Montrealeko arraun elkarte batekin harremanetan, trainerua bertan egon dadin", azaldu du Daraspek. "Inportantea da, bai Ibaialde, bai Euskaldunak Québec elkarteantzat, espedizio hori eta gero traineru hori bizi dadin".

Espedizioa Montrealeko portuan egingo den besta handi batekin amaituko da.

Indianoak 2013 proiektuari buruzko informazio osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia