euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebec-eko 'Ameriketako Euskal Abenturaren Parkea' bere euskal festaren 12. edizioa ari da ospatzen

2010/08/02

Trois Pistoleseko euskal abenturaren parkea. (Argazkia Euskalmunduak.com)
Trois Pistoleseko euskal abenturaren parkea. (Argazkia Euskalmunduak.com)

PUBLIZITATEA

Joan den ostiralean hasi eta datorren igandera arte luzatuko da, uztailaren 30etik abuztuaren 8ra arte, Quebec-eko Trois-Pistoles herrian dagoen 'Parc de l'Aventure basque en Amérique' (Ameriketako Euskal Abenturaren Parkea) delako museo biziak urtero antolatzen duen euskal jaialdi eta astearen 12. edizioa. Pilota ikastaro bat eta txapelketa, arte erakusketa, euskal sukaldaritza dastatzea, kirolen eta indar erakusketa, pintura tailerra, haurrentzako ekintaldiak eta gehiago dauzka osagai, euskal dantzak eta Ezpeletako txaranga ere protagonista izango dituen jaialdiak.

Trois-Pistoles, Quebec. Quebec-ek badu bere historian eta bihotzean zati bat euskalduna. Horixe bera islatzen dute bere toponimiako hamaika lekuk eta baita bertan eginiko indusketa arkeologikoek ere, eta hurbilado eta biziago, hori gogora ekarri eta ospatzen dute egunotan Trois-Pistoles herrian gauzatzen ari diren euskal jaialdi eta astea bezalako ekitaldiek. Datorren igandera arte, euskaldunak oro har eta balearen atzetik Euskal Herritik eremu hauetara etorri ziren baleazaleak ardatz hartuta, euren historia eta berri, industria horren xehetasunak eta balea bera ere aurkezten duen 'Parc de l'Aventure basque en Amérique' izeneko parke edo museo biziak antolaturik, euskal aste eta jaialdia ari da ospatzen Trois-Pistolesen, bere 12. edizioan, bertako euskal iragana eta urratsa ozenki aldarrikatuz.

Aurtengoan, Ezpeletako (Lapurdi) 'Ezpela' txarangako zortzi musikari ere ari dira gonbidatu, jaia alaitu eta girotzeko deituak. Euren eskutik dantzak ere bere lekua dauka, txarangak kide duen Sébastien Zamoraren eskutik dantza ikastaro bat proposatu baita, animazio gisa eta jende festa ekitaldietako partaide aktibo bilakatu nahirik.

Programa

Jaialdia, ohi bezala, euskaldunen musika, joko, kirol eta molde tradizionalen munduari lotua izanen da, horiek guztiak biziaraziz. Pilotari dagokionez, nazioarteko pilota txapelketa bat biltzen du egitarauak, pala modalitatean, 80 pilotariren partaidetza iragarri delarik, adin guztietakoak partaide. 2009ko munduko txapeldun bikoitza den Ander Landetak pilota ikastaro bat ari da eskaintzen gainera, eskualdean pilotazaletasuna hedatzeko xedez.

Horrekin batera, besteak beste, itsasoko materialez egindako eskultura muralak erakutsiko ditu Isabelle Rioux artistak; Cynthia Émond sukaldariak dastatzealdia bat eskaintzeaz gain, euskal tradizioan oinarritutako sukaldaritza irakatsiko du, bertako jendeak, eskualdera lehenengo iritsi ziren europarren gastronomia arloko kultura hurrera daitezen.

Haurrentzako proposamenak ere izango dira, eta baita pintura ikastaro bat ere, Louise Morencyrekin, Force basque edo hemen arrakasta handia duen euskaldunen 'indar erakusketa' ahaztu gabe.

Programa xehetasunez irakurtzeko, jo ezazu www.aventurebasque.ca webgunera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia