Etorritakoengatik Euskal Etxeak bere egoitza propioa dauka abendutik. Erakundeak bertan funtzionatzen du dagoeneko, baina inaugurazio ofiziala oraindik ez da egin, lokalean konponketa batzuk egiteke baitaude. Lanen gastuei aurre egiteko, janari salmenta egin berri du Euskal Etxeak, lehena etxe berrian. Ekintza erabat arrakastatsua izan zen: 90 oilasko kazola saldu zituzten, prestatutako guztiak.
Puerto Madryn, Argentina. Ekimena ez da berria Patagoniako lagunentzat. Urteak daramatzate Etorritakoengatik Euskal Etxeko kideek janari salmentak egiten dirua biltzeko asmoarekin. Diru horrek xede ezin hobea, pozgarria, du orain. Carlos Aristarain lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “abenduan preestreinatu genuen egoitza baina artean zenbait hobejuntza lan egin behar genituela jakinda. Konponketa horiek egiteko, bistan da, dirua behar dugu eta janari salmenta helburu horrekin egin zen”.
Talde polita bildu zen martxoaren 11an janaria prestatzeko. Hautatutako menua, oilaskoa ‘disko erara’. “Hau izan da gure etxe berri honetan janaria prestatzen eta saltzen dugun lehen aldia eta oso esperientzia ona izan da. 90 kazola saldu genituen, prestatutako guztia”, jakinarazi digu Aristarainek.
Egoitza oraindik inauguratu ez bada ere, lekua beraganatu du jadanik batzordeak eta janari salmentaz gain, asteroko bilerak ere bertan egiten dira dagoeneko. Etorritakoengatik-eko lehendakariak argitzen digunez, “inaugurazioari dagokionez, hasierakoa asmoa urtarrilean egitea bazen ere, atzeratu behar izan dugu iritsi ez garelako. Dena ondo ateratzen bada apirilean egingo dugu inaugurazioa, programa berarekin; esan nahi baita, beste euskal etxe batzuetako lagunak gonbidatuko ditugu gurekin ospatzeko”. Lokala inauguratuta, urteko ekitaldien egitaraua zabalduko du Etorritakoengatik-ek. Aktibitatebehinenak umeentzako dantza eskolak eta helduentzako euskara klaseak izango dira. Euskara ikastaroa Puerto Madrynen bizi den Euskal Herriko euskaldun baten esku egongo da.