euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Madryngo Euskal Etxea izango da datorren astean Patagonia Argentinarreko EEen II. Topaketaren egoitza

2016/09/15

Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeko kideak 'Madryn al plato' ekitaldian
Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeko kideak 'Madryn al plato' ekitaldian

PUBLIZITATEA

San Martin de los Andes Euskal Txokoa-ri hartu dio lekukoa Etorritakoengatik Euskal Etxeak eskualdeko euskal erakundeen bigarren Topaketa antolatzeko. Bilera datorren astean izango da, iraileko azken asteburuan, eta egun hauetan programa berezi bat ari dira antolatzen Puerto Madryngo euskal erakundeko kideak bisitariei harrera egokia egitearren. Honekin batera, Etorritakoengatik-eko lagunek ‘Madryn al Plato’ko euren partaidetzaren berri ere helarazi digute.

Puerto Madryn, Argentina. Lehenengo bileraren arrakastak bultzaturik ez zuten denborarik galdu Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeetako arduradunek eta bigarrenaren data eta egoitza hautatu zituzten. II. Topaketa Puerto Madryn hirian izango da, irailaren 23tik 25era, bertako Etorritakoengatik antolatzaile. Euskal Etxetik jakinarazi digutenez, “Ostiralean hasiko dira iristen euskal etxeetako ordezkariak baina aktibitate nagusiak larunbatean izango dira. Aurrekoan bezala, protokolozko aurkezpenak, bilera eta bilera ondoko bazkaria egingo ditugu. Aisialdian, ordea, txangoak egingo ditugu eta asmoa da –oraindik konfirmatu behar badugu ere–, larunbatean afaria eta dantza erakusketa egitea”. 

‘Madryn Platerean’ jaialdia

Datorren asteko bilkura horren aurretik, "Madryn al plato" ekitaldko euren partaidetza izan dute bertako euskaldunek azkeneko elkarretaratze arrakastatsua. Duela 9 urte egiten den Madryn al Plato (Madryn Platerean) izeneko jaialdiak oso helburu zehatza du: Penintsulara baleak ikustera iristen diren turistei beste aukera bat ematea eta eskualdeko elikagai eta ekoizleak sustatzea. Ondorioz, jaialdiaren barruan mota askotako ekintzak egiten dira, hala nola, zirkuito gastronomiko bat, sukaldaritza klase magistralak, Ekoizleen eta Diseinu Azoka eta ekimen solidarioak.

Ekoizleen eta Diseinu Azokari dagokionez, 84. zenbakidun eskolako instalazioetan egiten da eta ekoizleak eta diseinatzaileak ez ezik, hiriko kolektibitateak ere biltzen ditu feriak. Aurtengo edizioa, uztailaren 9 eta 10ean izan zen eta azken urteetan egin legez Puerto Madryngo Euskal Etxeko kideek euren standa muntatu zuten azoka gunean euskal plater tipikoak saldu eta Euskal Herriaren berri zabaltzeko.

Etxeko ordezkari den Diana Lleonart Alberdik EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, “oso ekitaldi arrakastatsua izan zen eta oso pozik gaude gure partaidetzarekin". "Mota askotako pintxoak prestatu genituen, besteak beste, otarrainxka pintxoak, tortilla pintxoak eta etxeko ‘bondiola’ pintxoak. Intxaur ogia eta natillak ere eskaini genituen”.

Aipagarria da Argentinako chef ospetsuenetako bat den euskal jatorriko Dolli Irigoyenek gastronomia klase magistral bat eman zuela ekitaldiaren baitan. Eskola emateaz gain, euskal standa bisitatu eta momentu goxoa igaro zuen bertan sukaldariak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia