euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Madryngo euskal erreferente den Etorritakoengatik euskal etxea egoitza propioa izatetik gero eta hurbilago

2014/11/24

Euskal standean euskal janariaz eta euskal kulturaz gozatu ahal izan ziren bisitariak Topaketa Multikulturalean
Euskal standean euskal janariaz eta euskal kulturaz gozatu ahal izan ziren bisitariak Topaketa Multikulturalean

PUBLIZITATEA

Argentinako euskal etxe berrienetako bat izan arren oso urrats nabariak eman ditu Chubut probintziako Puerto Madryngo euskal etxeak sortu zenetik, tartean erakundearen egoitza eraikitzeko lursaila lortzeko kudeaketa. Lursailaren esleipena burutzen den bitartean, ikurrinek eta euskal dantzek zabaltzen dituzte Etorritakoengatik-eko kideek hirian antolatu jaialdiak. 

Puerto Madryn, Argentina. Lehenengo Zuzendaritza Batzordea 2011. urtean osatu zutenetik, lan handia egiten ari da Etorritakoengatik euskal etxea euskal kultura zabaltze aldera. Aktibitate eta elkarretaratzeak antolatzeko garaian, ordea, beste erakunde batzuen beharrean egoten da leku propiorik ez duelako. Egoera hori konpontzeko, bilera batzuk izan ditu euskal etxeko lehendakari Andres Elorriagak hiriko agintariekin eta bilkura horien ondorioz lursail bat emango dio udalak euskal erakundeari bertan etxea eraiki ahal izateko. “Dagoeneko erreserba lortu dugu eta hilabete gutxi barru eskuratuko dugu” adierazi dio Elorriagak EuskalKultura.com-i.

“Lekua gureganatzeaz gain, beste bilkura bat izan dugu baina kasu honetan probintziako gobernuko Harreman Instituzionaleko arduradunarekin eta berak azaldu digu eraikuntza lanekin hasteko diru laguntza nola eskatu eta izapide horiekin ere hasiko gara laster. Beraz, oso bideratuta dago dena”, jakinarazi dio lehendakariak gure buletinari.

Topaketa Multikulturala

Epe luzerako proiektuak oso motibagarriak dira eguneroko eginbeharrei aurre egiteko eta egoitza propioaren helburua ipar bezala hartuz, lan ederra egiten dute Etorritakoengatik-eko dantzariek hiriko jaialdietan Euskal Herriko kolektibitatea ordezkatzen. Aurten ere jaso zuten Topaketa Multikulturalean parte hartzeko gonbitea eta bertan izan ziren ikurrina astinduz. Jaialdia urriaren 11 eta 12an egin zen, Kultur Aniztasunaren Errespetu Egunaren baitan eta hirian bizikide diren hainbat gizatalderen ordezkariak bildu zituen “Alfonsina Storni” eskolan.

Euskal etxeari dagokionez, dantzak ez ezik, euskal mokadu tipikoenak ere eskaini zizkien bisitariei. Euskal etxeko sukaldariek mota askotako pintxoak prestatu zituzten jairako. Datozen asteei begira, urte amaierako jaia ari da prestatzen euskal etxea kide eta lagunekin ospatzeko. Eta bidaia egiteko gogoa ere badute patagoniarrek; alde batetik, Tres Arroyosko Hiru Erreka euskal etxeak eta Euskal Pampa erakundeak antolatutako Euskal Jai Gastronomikora joateko ideia ez dute baztertzen. Bestetik, Necocheako 2015eko San Sebastian Jaian parte hartzeko asmoa ere badute Puerto Madryngo euskaldunek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia