Puerto Madryn, Argentina. Ia berrogeita hamar lagun hurbildu ziren “Musa Maison”eko patiora, Puerto Madryngo Euskal Etxeko kideek euren Euskal Erakustaldia egiteko aukeratutako etxera. Martxoaren 9an, igandean, Patagoniako hirian ospatu zen ekitaldiaren bigarren edizioari "Liliana Martin" izena jarri zioten, bertako Etorritakoengatik euskal etxearen sustatzaile konprometitua izan zenari omenez. Doako sarrerarekin, erakusketak “antzinako herri baten kulturara” hurbiltzeko gonbitea luzatzen zion komunitateari, eta erantzun ona berehalakoa izan zen. Hiru ordu baino gehiagoz, Euskal Herriko kultura tradizionalaren erakustaldi labur baina anitza eskaini zuten.
Ekitaldira hurbildu ziren Puerto Madryngo lagun eta auzokideek jantzi tipikoen bilduma, euskal kirolekin lotutako objektuak, musika tresna tradizionalak, mapak, Euskal Herriko historiari buruzko liburuak, Argentinako euskaldunei buruzkoak, euskal literatura eta euskarazko liburuen aleak ikusmiratu ahal izan zituzten. Horrez gain, Argentinako dantzari taldeek Euskal Aste Nazionaletan eskainitako emanaldien irudiak proiektatu ziren pantaila batean, eta dantzari bikote batek, erakustaldi labur bat eskainiz, fandangoa eta arin arina jendaurretu zituen. “Egoitza propioa duten euskal etxeek egunero dute mota honetako objektuak erakusteko aukera. Gure kasuan, ez daukagunez, erakustaldi hau egiten dugu komunitateari ateak zabaltzearren euskal kulturaren printzak batzuk eurekin partekatzeko”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Etorritakoengatik-eko idazkari Camila Esquericak.
Omenaldia Liliana Martini
Etorritakoengatik elkarteko fundatzaile eta lehenengo zuzendaritza-batzordeko kidea, Liliana Martin elkarteko idazkaria izan zen. Sukaldarien taldeko kide gisa, janaria prestatu eta saltzeko lan hari esker, dantzarien jantziak egiteko eta Euskal Aste Nazionaletan parte hartzeko beharreko dirua biltzen lagundu zuen. Lan handia egin zuen elkartearen sorreratik EEa sustatzearen alde, harik eta osasunak Euskal Etxearen eguneroko jardueratik aldentzera behartu zuen arte, eta iaz zendu zen. Elkarteko lehendakari Julian Araujok, bere gain hartu zituen irakasle eta hezkuntzako historialaria ere izan zenaren omenezko hitzak.