euskal diaspora eta kultura
2014/05/27
PUBLIZITATEA
Puerto Madryn, Argentina. 2011an osatu zen Chubut probintziako Puerto Madryn-en bertako euskal etxearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea. Etorritakoengatik izenpean, euskal etxea oso elkarte bizia bihurtu da azken urteotan. Ekitaldiak antolatzeko orduan, baina, ez dauka egoitza propiorik jendea biltzeko eta hiriko eskoletan burutu behar dituzte jaiak eta bilerak. Kari horretara, eta gune propioa izatearen premiari lehentasuna emanez, eskaera luzatu dio euskal etxeak hiriko Udalari.
Euskal etxeko lehendakari Andres Elorriagak EuskalKulturari esan dionez, bildu berria da hiriko agintariekin. “Joan den astean elkartua naiz Ricardo Sastre alkatearekin gure beharra zein den adierazteko. Horren ostean aurkezpen formala egin dugu Udalan, Euskadi Plazaren aurrean dagoen lur eremuaren esleipena eskatzeko. Plazaren izena ere euskal gizataldearen omenez jarria da, euskaldunek hiriaren alde egindako lanaren oroigarri. Beraz, etxea eraikitzeko lehenengo urratsa eman dugu, orain itxaron egin behar dugu”.
[Ikurrina ere, joan den igandean, Puerto Madryngo Maiatzaren 25eko Hiriko Kabalkadan (argazkiaEE)]
Euskal gizataldeak komunitatean daukan lekua gero eta garrantzitsuagoa ari da bilakatzen. Sortu zenetik, urtero hartzen du parte hiriko jai eta ekitaldietan. Eta aurtengo Maiatzaren 25eko zeremonia ez da salbuespena izan. Antolatzaileek deiturik, herriko kabalkadan desfilatu zuten erakundeko gazteak.
Etorritakoengatik eta Borja Blazquez
Ekainaren 21 eta 22an, berriz, ‘Madryn Platerean’ jaialdiaren baitan, Ekoizleen eta Diseinu Azokan hartuko dute parte hiriko beste hainbat gizatalde eta erakunderekin batera. Aipagarria da aurten, gainera, euskal kolektibitatea bi eratan egongo dela ordezkatuta bertan: Etorritakoengatik euskal etxeko kideekin, batetik; eta bestetik, Borja Blazquez sukaldari donostiarra izango da Azokako gonbidatuetako bat. Turismoa eta eskualdeko elikagai eta ekoizleak sustatzeko asmoa duen ekimen hau 84. zenbakidun Eskolan gauzatuko da, hiriko Mitre eta Sarmiento kaleetan.
Horretaz gain, ekainaren 21ean bertan, etxeko kide eta lagunentzako afaria antolatu dute Etorritakoengatik-eko arduradunek. Afalostean, etxeko dantza taldeek euren koreografiak eskainiko dizkiete bildutakoei.
Eta planen artean, beste bat erreskatatu dugu hemen aipatzeko. Irailean da eta beste hainbat kolektibitaterekin batera, tartean gizatalde judutar, alemaniar, galestar, espainiar eta italiarrarekin, Immigrantearen Jaia ari dira antolatzen euskaldunak. Festa 4tik 7ra luzatuko da eta probintzia mailako ekitaldia izateko proiektua aurkeztu du batzorde antolatzaileak. Ekitaldiak probintzia eta hiriko gobernuaren babesa du, baita Migrazio eta Inadi erakundeena ere.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus