euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Madryn: gogotsu atzera abian Etorritakoengatik, bere 12 urteak ospatuz eta Haraneko Euskal Etxea lankide

2023/05/02

Ezker, 12. urteurreneko bazkarirako gonbidapena. Eskuin, Etorritakoengatik Euskal Etxeko dantza taldeko gazteak Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenearen karira eskainitako omenaldian Trelewn, Haraneko Euskal Etxean
Ezker, 12. urteurreneko bazkarirako gonbidapena. Eskuin, Etorritakoengatik Euskal Etxeko dantza taldeko gazteak Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenearen karira eskainitako omenaldian Trelewn, Haraneko Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Puerto Madryn, Argentina. Iazko urte amaieran, urte batzuetako hutsunearen ostean, Puerto Madryngo Etorritakoengatik elkarteko gazteek Euskal Etxea aurrera ateratzea erabaki zuten. Hala iragarri eta hala egin dute, geroztik jarduerei atzera ekin baitiete, eta datorren igandean, maiatzaren 7an, elkartearen 12. urteurrena gogo eraberrituz ospatuko baitute. Hiriko Klub Hipikoaren aretoan egin dute bazkaria partekatzeko deia. Eta, dirudienez, bertan ez da dantza faltako, sarrera kostua "1.000 fandango"tan finkatu baitute.

Udako oporraldia bukatuta, dantzariek martxoan ekin zieten berriro dantza entseguei, Madryngo Galeseko Kultur Elkarteak euren egoitzan utzitako lekuari esker. Joan den igandean, apirilaren 30ean, Euskal Etxeko dantza taldeak, Lautaro Castro buru, Trelew bisitatu zuen, Haraneko Euskal Etxeak gonbidatuta, eta aurreskua dantzatu zuten haien egoitzako Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, Gernikako Bonbardaketaren 86. urteurrena gogoratzeko antolatutako omenaldian.


Puerto Madryngo Etorritakoengatik elkarteko kideak joan den asteburuan, Trelewko Haraneko Euskal Etxekoekin, Gernikako Bonbardaketaren 86. urteurrena gogoratzeko egindako ekitaldian 

Herriko jai eta ekitaldietan partaide

Puerto Madrynen egiten diren aberri datak ospatzeko ekitaldi guztietan parte hartzea dute helburu.  Apirilaren 2an, Malvinetako Gerran eroritakoen eta beteranoen egunean, egindako omenaldian parte hartu zuten eta hiriko Monumentuan, gainerako gizataldeen banderen parean, ikurrina ere izan zen partaide. Iragarri dutenez, halaxe egingo dute datorren maiatzaren 25ean, Maiatzeko Iraultza ospatzen denean.

“Urte polita datorkigu. Pixkanaka gauza askorekin ari gara aurrera egiten eta beste batzuk zehazten. Lehen urte hau berrantolaketarena dela uste dut, momentu egokia beste batzuekin esperientziak partekatzeko, esate baterako Trelewko Haraneko Euskal Etxekoekin. Haiekin batera jarduera ugari egitekotan gaude, eta elkar ondo osatuko dugula uste dugu", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Julian Araujo Euskal Etxeko erreferenteak, maiatzaren 18an Zuzendaritza Batzorde berria aurkeztuko dutela gaineratuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia