euskal diaspora eta kultura
2011/11/25
PUBLIZITATEA
Puerto Madryn, Argentina. INADI Diskriminazioaren kontrako Institutua, Udaleko Kultur Idazkaritza eta Migrazioa Zuzendaritza antolatzaile ospatu zen urriaren 15 eta 16an Puerto Madryngo V. Kultur Aniztasun Bilkura. Jatorri andana bateko gizataldeek osatu zuten erakustaldia, tartean, euskaldun, boliviar, judutar, uruguaitar, maputxe eta tehuelche, galiziar, txiletar, galestar, afroamerikar eta argentinarrak.
Euskaldunen kasuan, bi stand ezarri zituzten 710 zenbakidun eskolako kiroldegian. Batean, kulturari buruzko informazioa eskaintzen zitzaien bisitariei. Bestean, berriz, euskal etxeko kideek egindako mota askotako pintxoak dastatu ahal izan zituzten gonbidatuek. Baina kultur txokoak ez ziren atrakzio bakarra izan. Jaiko agertokitik dantza talde ugari pasatu ziren euren pauso eta jantziak erakutsiz.
['Etorritakoengatik' euskal etxeko adin guztietako dantzariak aurkeztu ziren Bilkuran. Txikiek “Tako, punta, tako”, ertainek “Xulalai”, eta helduek “Arku Danza” eta Fandangoa” egin zituzten (argazkia EE)]
“Urtez urte gero eta jende gehiago etortzen da elkarretaratzera. Kolektibitateek euren nortasuna erakusteko paregabeko aukera dute eta denon artean hiri bilgarriagoa eraikitzen goaz”, adierazi dute ekitaldiaren antolatzaileek. Eta 'Etorritakoengatik'eko neska-mutilek dantza eginez jarri zuten beren harri-koskorra helburu hau lortzeko.
Euskal Astea eta Nortasun Juridikoa
Gogorra izan da 2011 hau Puerto Madryngo euskal gizataldearentzat. Izan ere, tristura handia nabaritzen zaie oraindik ere Maria Julia Ercoreca euskal etxearen sortzailearen izena aipatzen denean. Baina Maritari “agur” esateko momentuan bizkor jarraituko zutela agindu zuten 'Etorritakoengatik'eko kideek eta bistan da betetzen ari direla hitza. Puerto Madryngo hogeita hamar bat lagun joan ziren Necocheako euskal astera eta euskal etxeko dantzariek enparantzako dantzak egin zituzten igande goizean. Beste alde batetik, batzordeak jakinarazi dio EuskalKultura.com-i nortasun juridikoa lortzeko izapideak bideratuta daudela.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus