euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Madryn: 'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteriak lekukoa hartu du elkartea berreskuratu eta biziberritzen

2022/12/09

Puerto Madryngo “Etorritakoengatik” euskal etxeko bazkide eta lagunak berriro elkartzeko egindako bazkariaren argazkia
Puerto Madryngo “Etorritakoengatik” euskal etxeko bazkide eta lagunak berriro elkartzeko egindako bazkariaren argazkia

PUBLIZITATEA

Puerto Madryn, Argentina. 2019 urtea geroztik jarduerarik gabe, Puerto Madryngo “Etorritakoengatik” Euskal Etxeak iragarri du bilera egin dutela eta jarduera instituzionalari ekingo diotela berriro. Gazteen eskutik, bereziki 2008an sortu zenean dantza taldea osatu zutenen eskutik, berriz ere martxan jarri da Chubuteko Euskal Etxea euskal kultura zabaltzen jarraitzeko.

Bazkideak, lagunak eta euskal etxeko bizitzan inoiz parte hartu izan zuten guztiak bazkari batera deituak izan ziren, arrakastaz, urte amaiera ospatzea estakuru. Madryngo dantza taldeko kideek antolatu zuten topaketa jendea euskal etxera itzultzera animatzea helburu, antolatutako azkeneko jarduerak 2019an izan baiziren, pandemia aurretik, eta pandemia ez zuen batere lagundu, ekintzen erabateko etena ekarri baitzuen.

"Ilusio handiaz itzuli gara"

Bazkide zaharrenen sostenguarekin, batez ere azken zuzendaritza batzordeko kideen laguntzarekin, Euskal Etxea suspertzeko lanari ekitea erabaki zuten. Gazteek jakinarazi zuten dantza taldea berehala itzuliko dela, eta haiekin batera orain helduak diren dantzari txiki ohiak arituko direla. Bileran, Maria Julia Ercorecari, Euskal Etxearen alma mater eta sortzailea izan zenari, 2011ean zendua, omenaldi txiki bat egin zioten. Dantza taldeko argazki bilduma ere partekatu zuten eta esker oneko hitzak eskaini zizkioten Maritari.

Dantzariek Gizataldeen Jaian eta hiriko ekitaldi garrantzitsu guztietan parte hartzea dute helburu. Egoitzarik gabe, erronka handiagoa da. “Puerto Madrynen euskal etxe bat izateko gogo bizia dugu. Ez da erraza, badakigu, baina ekingo diogu eta lortzea espero dugu. Euskal kultura zabaltzen jarraitzeko gogo eta ilusio handiarekin itzuli gara, Maju Ercorecak utzi zigun ondarea ez dugu batere aldera batera utziko” adierazi digu Julian Araujok, seguruenik, Euskal Etxeko hurrengo lehendakaria izango denak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia