euskal diaspora eta kultura
2009/06/11
PUBLIZITATEA
Puerto Madryn, Argentina. Jatorriz Maipú hirikoa da María Julia Ercoreca, baina orain dela urte batzuk Puerto Madryn hirian, Chubut probintzian bizi da. Maipúko euskal etxearen sortzaile izatearen esperientziarekin, Puerto Madrynera heltzean, bestelako panorama ikusi eta bertako euskal komunitatea berriro biltzeko helburuari eutsi zion. Lana ez zela erraza izango bazekien ere, oztopoak gaindituz joan da eta gaur egun ahaleginaren emaitzak begi bistan daude. Izan ere, joan den maiatzaren 16an berrehun eta hogei lagun bildu ziren ‘Sum’ Eskolan, afari batean parte hartu eta emaitza horiek txalotzeko.
[Ongi merezitako txalo eta esku-zartak errezibitu jaso zituzten Puerto Madryngo dantzari zahar, gaztetxo eta haurrek]
Jaiarekin hasteko, Camarones herritik etorritako gonbidatu berezi batek, Laura Aldabaldetreku Zuazok, Aurreskua dantzatu zuen. “Madryngo publikoak ez zekien zer zen dantza hau, horregatik dantzatu baino lehen azalpen labur bat eman genuen. Gainera, Laurak euskaraz nahiz gaztelaniaz agurtu zuen jendea eta hori oso hunkigarria gertatu zen”, azaltzen dio Ercorecak EuskalKultura.com-i. Jarraian, txikienek bi dantza egin zituzten, gero ertainek beste bi eta ikuskizuna bukatzeko, Madryngo helduen dantza taldeak, ‘XXL’ izenekoak, polka bat egin zuen.
[Dantzariak eta euren irakasle eta buruzagiak elkarrekin dantzari]
“Iazko afarian gertatu zen bezala honetan ere jendea txunditu egin zen”, azaldu digu Ercorecak, jarraituz: “Dantzekin hasi ginenean isiltasuna nagusitu zen; giroa ezin hobea izan zen ertainen taldearen aurrerapenak erakusteko, esaterako nola egiten duten gaur Fandango. Gaua hunkigarri eta gogoangarria izan zen. Gainera, parranda ere ez zen faltatu, goizeko bostak arte geratu baiginen dantzari.”
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus