euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Iguazuko agintari eta herritarrek 'Eskorgako Euskalduna' oroituko duen eskultura inauguratuko dute bihar

2017/06/14

Guillermo Larregiren omenean Puerto Iguazuko hilerrian desestaliko den eskultura
Guillermo Larregiren omenean Puerto Iguazuko hilerrian desestaliko den eskultura

PUBLIZITATEA

Hogeita bi mila kilometrotik gora egin zituen oinez, eskorga bati bultzaka, Guillermo Larregui nafarrak (1885-1964). Iruñean jaioa, Puerto Iguazu-n hil zen, izan ere auzo zeuzkan Iguazuko urjauzien ondoan. Bere heriotzaren urteurreneko hilabetean omenaldi bat egingo dio bizileku izan zuen herriak ‘Eskorgako Euskalduna’ ezizenaz ezaguna egin zen Larreguiri, eta bere eskultura bat desestaliko dute Puerto Iguazuko ‘El Salvador’ hilerrian dagoen bere hilobian.

Puerto Iguazu, Argentina. Bihar osteguna ekainaren 15ean goizeko 9:30etan zeremonia bat antolatu dute Puerto Iguazu herrian ‘Eskorgako Euskalduna’ ezizenarekin argentinar askorentat ezaguna egin zen Guillermo Larreguiren gomutan.

Omenaldian herriko agintariak, eskoletako ikasle eta irakasle eta auzokideak bilduko dira eta Claudio Filippa alkateak Larreguiren hilobia bereiziko duen eskultura bat desestaliko du. Ekitaldian, Maria Esther Rolon historialariak ere parte hartuko du; Rolon, Larreguiri buruzko ‘De puro vasco no más’ izenburuko liburuaren egilea da eta berak eskainiko du ‘Eskorgako Euskalduna’ren bizitzari eta bidaiei buruzko gainbegirada bertaratuko direnentzat.

Ekitaldia Puerto Iguazuko ‘El Salvador’ kanposantuko arduradun Claudio Konopkak antolatutako omenaldi programaren barruan dago eta Iguazu herrian bizi izan ziren garrantzi handiko pertsonaiak gailentzea du helburu. EuskalKultura.com-ekin hizketan, Konopkak jakinarazi digu eskultura Silvana Kelm artistak egin zuela eta horren erreplika bat, baina tamaina naturalekoa, egingo dutela hiru mugetako –Argentina, Brasil eta Paraguairen arteko– mugarrian.

Eskultura hori irailaren 10ean inauguratuko da Puerto Iguazu sortu zeneko urteurrenean. “Gaur egun oso gutxi daki hemengo jendeak Larreguiri buruz eta horregatik egin nahi diogu omenaldia. Oraindik gogoratzen dut nik txikitan latazko bere etxearen hondakinak hortxe zeudela; baina pixkanaka  jendeak zatika desegin eta ia etxe osoa eraman zuen. Orain zorionez lata horietako batzuk berreskuratu ditugu eta hementxe, hilerrian, dauzkagu. Beharrezkoa da bere historia belaunaldi berriei kontatzea, ahaztu ez dezaten”, adierazi du Konopkak.

Guillermo Larregui ‘Eskorgako Euskalduna’, Iruñean jaio zen 1885ean eta 15 urterekin iritsi zen Argentinara. Hainbat lanbidetan aritu zen eta Patagonian bizi zela apustu bitxi bat egin zuen lagunekin: Baietz Patagoniatik Buenos Airesera iritsi, oinez, eskorga bati bultzaka. 1935an, 50 urterekin, Santa Cruzetik Buenos Airesera egindako bidaia hura egingo zituen lauetako lehena izan zen. Azkeneko helmuga Iguazu izan zuen eta bertan geratu zen bizitzera.


[Claudio Konopkak zeremoniaren programa azaltzen du bideoan]

Omenaldia, berez, ekainaren 5ean egitekoa zen, baina eguraldi kaskarragatik antolatzaileek data aldatu behar izan zuten. Dena den, lehenengo data horretan, Arizmendiren Gora Vasco dokumentala proiektatu zen, udalaren Iturem izeneko turismo erakundean, bertako ikasleak ikusle.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia