euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Protestak Valentzian, Generalitatek HEOetako euskara klaseak ezabatu ostean, 4 irakasle eta 120 ikasleri eraginez

2024/04/17

Valentziako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eraikina. Bertan, Alacanten eta Castellón iragarri dira mozketa larriak (argazkia Diari La Veu)
Valentziako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eraikina. Bertan, Alacanten eta Castellón iragarri dira mozketa larriak (argazkia Diari La Veu)

PUBLIZITATEA

Valentziako Hiria. Askotan islatu izan ditugu orrialde hauetan Valentziar Erkidegoko hiru Hizkuntza Eskola Ofizialen (HEO) dinamika eta emaitza arrakastatsuak euskararen alorrean, klaseekin batera bestelako ekitaldiak ere antolatzen dituztela, musika eta dantza ikastaroetatik barnetegi eta asteburu ekitaldietara, beti ere euskara ikasi eta ikasitako euskara indartu eta giro egokian praktikatzearren [ikus eskuineko zutabean estekak ekimen horietako batzuen artikuluetara]. Orain, Valentziako Generalitat-ek (Erkidegoko Gobernua) jakinarazi du, 2024-2025 ikasturtean ezabatu egingo dituela Valentzia, Alacant eta Castelló-ko euskara klase presentzialak, eta aurrerantzean online baizik ez direla emango, horretarako gainera egungo 14 taldeetatik 4 bakarrik utzita, guztiak online.

Guraizeak sakon sartu ditu Hezkuntza Sailak HEOn, eta euskararekin batera arabiera, eta gaztelania atzerritarrentzat, lirateke hizkuntza kaltetuenak. Euskararen kasuan lau dira gaur egun irakasleak: Garikoitz Knörr, Izaskun Kortazar, Mikel Álvarez Otermin eta Gemma Sanginés, bana hiriburu bakoitzean, eta Valentzian bi irakasle. Egungo euskara ikasleak, berriz, 120 bat lirateke. Sindikatuen esanetan, orotara, irakasten diren 17 hizkuntzetako 9k izan dituzte mozketa larriak, 244 talde ezabatuta, 8.450 ikasle plaza eta 61 irakasle desagertuz. Hezkuntzak, ostera, "berrantolaketa" defenditu du, "dauden baliabideak optimizatu beharra" eta online ikaskuntzaren balioak azpimarratuz.

Valentziako Euskal Etxearen elkartasuna

Erabakiak zinez ezustean harrapatu ditu guztiak. Neurrien berri izatean Valentziako Euskal Etxeak bere "harridura eta desadostasun sakona" adierazi ditu Generalitat-eko Hezkuntza Sailaren erabakiaren aurrean, "hausnartzea eta atzera egitea" eskatuz eta elkartasuna helaraziz irakasleei, "haien lanpostuak eta lan-baldintzak arriskuan" baitaude eta babesa agertaraziz kaltetutako ikasleei "ikaskuntza-prozesua errotik moztuko baita, justifikaziorik gabe", adierazi du ohar batean Erkidegoko euskal etxe bakarrak.

"Irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako eskubidearen defentsan Euskal Etxeak bat egiten du Hizkuntza Eskola Ofizialetako murrizketen aurka egingo diren mobilizazioekin, eta dei egiten dugu sindikatuek, irakasleek eta ikasleek asteazkenean, apirilak 17, 13:30ean, Conselleria d’Educació egoitzen aurrean egingo dituzten elkarretaratzeetan parte hartzera", amaitzen du euskaraz ere kaleratutako oharrak. Euskal Etxeak ezohizko bilera batera deitu du ostegunean bere egoitzan, gai hau hizpide bakarra.

[Ezkerrean, Hizkuntza Eskola Ofizialetan iragarri dituzten mozketei aurre egiteko gaur bertan Valentzia, Alacant eta Castellón deitutako elkarrateratze deia eta aurkako jarrera adierazteko sinadura-bilketa]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia