Buenos Aires, Argentina. Aurtengo martxoan merkaturatu zenetik, Argentinan bertako lehengaiekin euskal erara egiten den ‘Txapela’ sagardo naturala gero eta leku handiagoa ari da egiten herrialdeko merkatuan, ez soilik euskal etxeen esparruan, euskal kolektibitatearekin loturarik ez duen sukaldaritza munduan ere baizik. Sagardo hau dastatzearen aitzakiarekin gainera, beste euskal produktu batzuk eta euskal moldeak eta kultura bera ere zabaltzeko aukera sortzen da; eta ildo horretatik, ‘Txapela’ Sagardoaren egileek ‘Pintxo + Pote Txapela’ ekintza gastronomikoa proposatzera datoz Argentinako zenbait lekutan, irailean eta urrian egiteko.
Zertan datzan "Pintxo + Pote Txapela"? Oraingoz Argentinako hiriburuan eta hiru probintziatan eskainiko den proposamen honek, euskal jatetxe diren eta ez direnetan, autore pintxoak dastatu eta Txapela sagardoa edateko aukera ematen du. Pintxo berezi bat, beraz, eta sagardoari dagokionez, nahi adina edan ahal izango dute bezeroek, beti ‘txotx!’ entzun ondoren eta Euskal Herrian egiten den bezala, kupeletik.
"Pintxo + Pote Txapela" leku hauetan eskainiko dute sagardogileek:
-Irailaren 18an, Itziar Aguirre-ren Zazpirak Bat Euskal Jatetxean (Rosario)
-Irailaren 19an, ‘Belgrano’ Azokako Tienda OHNOn (CABA)
-Irailaren 21ean, Resto Bambú jatetxean (Cañuelas)
-Irailaren 25ean, Laurak Bateko Restaurante Amalur Jatetxean (CABA)
-Urriaren 12an, Hotel San Carlosen (Villa del Dique, Calamuchita, Cordoba)
-Urriaren 25ean, Burzako Restoran & Tapas jatetxean (Temperley)
Gogora dezagun ‘Txapela’ sagardo berria, Euskal Herriko sagardogintzan erreferente den Otaño-Goikoetxea familiaren Patagonia-Astigarraga SAS enpresa argentinarraren ekoizpena dela.
Gogoan izan "Pintxo + Pote Txapela"n parte hartzeko aurretik erreserba egin beharra dagoela.