euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Proposamen anitzeko egitarau batekin hasiko du urtea Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak' Euskal Etxeak

2011/03/10

Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak' Euskal Etxeko kideak
Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak' Euskal Etxeko kideak

PUBLIZITATEA

Egun gutxi barru bukatuko da udaldia Hego Amerikan eta munduko bazter honetako erakundeak prest daude jadanik ziklo berri bati hasiera emateko. Argentinako euskal komunitatea ez da mugimendu honetatik kanpo geratzen eta euskal etxeak bere ateak irekitzen doaz mota askotako ekintzak burutzeko asmotan. Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak'ek, Argentinako Buenos Aires probintzian, komunitateari begirako hainbat proposamen dauzka aurten: euskara klaseak, hitzaldiak, Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren ospakizuna, eta herriko urtemugaren ekitaldietan partaidetza, besteak beste.

Trenque Lauquen, Argentina. Martxoaren 12an, etzi larunbatean, hain zuzen, hasiko dira euskara klaseak 'Euskal Sustraiak' euskal etxean. Alejandra Bengochea irakasle, eskolak larunbatero izango dira, arratsaldeko 3etik 7etara. Hitzordua, ikasten jarraitu nahi duten ikasleentzat zein zerotik hasiko direnentzat ere dago zuzenduta.

“Batzuetan zaila egiten zaio jendeari astegunetan klaseetara etortzeko denbora toaptzea; hori dela eta aurten kurtso guztiak larunbatetan izango dira”, azaldu dio Alejandra Bengocheak EuskalKultura.com-i. “Adin guztietako lagunek har dezakete parte klaseetan. Aurten gainera, hizkuntza irakasteaz gain, Euskal Herriko historiari buruzko gai nagusiak ere sartuko ditugu programan”, adierazi du irakasleak.

Gernikako Bonbardaketa eta San Fermin

Beste alde batetik, apirilaren 26an 'Euskal Sustraiak' euskal etxeko kideek Gernikako Bonbardaketaren urteurrena gogoratuko dute egoitzako balio anitzeko aretoan. Gustavo Rinaldi herriko pintoreak Picassoren Gernika koadroaren kopia bat egin du euskal etxeko hormetan jartzeko. “Aretoa oraindik bukatuta ez egon arren, erabiltzeko moduan dago. Etxeko balio anitzeko aretoan jarriko dugu Rinaldik margotutako koadroa eta apirilaren 26an desestaliko da. Omenaldiaren ondoren pintxo batzuk konpartituko ditugu kide eta lagunen artean”, jakinarazi dute Trenque Lauquengoek.

Datorren hilean ere, eta udalak gonbidaturik, 'Euskal Sustraiak'ek Trenque Lauquen-en urteurrenean hartuko du parte. Ikurrinaren koloreekin, bertako euskaldunek euskal gizataldearen presentzia bermatuko dute herriko jaian.

Etorkizunari begira, maiatzean euskal etxearen urtebetetzea ospatuko dute 'Euskal Sustraiak'eko kideek eta uztailean Koldo Zabalondo arotzaren bisita jasoko dute. Zabalondok hitzaldi bat eskainiko du San Fermin ekitaldiaren testuinguruan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia