Mota askotako ekintzak egin ditu Uruguaiko Salto herriko euskal etxeak Pascual Harriague omentzeko: Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurren zeremonia, Ardo Finaren X. Aretoaren inaugurazioa –Argentinako Ibaiko Izarra Euskal Etxeko dantzariak lagun– eta ‘Euskaldunak Hego Amerikako ardogintzan’ izenburuko hitzaldia. Euskal elkarte saltotarretik jakinarazi digute, gainera, dagozkion izapideak ari direla egiten, lur eremu bat eskuratu eta bertan ‘Gernika Gunea’ izeneko pasealekua sortzeko.
Salto, Uruguai. Lan handia egiten ari da Saltoko euskal kolektibitatea Pascual Harriague hazpandarraren Upeltegia eta lapurtar honek herrian utzitako jardunaren aztarnak berreskuratzeko; ahalegin horretako parte, Harriagueri buruzko ekitaldietan, herritarrei begirako hainbat proposamen egin dituzte azken asteotan euskal gizataldeko ordezkariek.
Orain bi aste, apirilaren 26an, Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurreneko egun berean, ‘Gernika, el bombardeo’ izenburuko dokumentala proiektatu zuten Euskal Etxearen egoitzan. Filma eman aurretik, harrera hitzak zuzendu zizkien EEko lehendakari Luis Zalduak Gernika gogoan bildutako lagunei.
Apirilaren 28an, berriz, Ardo Finaren X. Aretoaren inaugurazioa egin zuten "Bodega Harriague-Km 0 del Tannat" delaako Kultur Gunean; hori, Saltoko Euskaldunen Taldeak Euskal Herriko Unibertsitateko UNESCOko Kultur Paisaiak eta Ondare Katedrarekin batera bultzatutako Uribarri proiektuaren baitan. Udaleko eta Euskal Etxeko agintarien aurkezpenak egin ondoren, Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxeko Gazte Lurra taldeak euskal dantza erakustaldi bat eskaini zuen.
Maiatzaren 2an, azkenik, ‘Euskaldunak Hego Amerikako ardogintzan’ izenburuko hitzaldia eskaini zuen Luis Vicente Elías Pastor adituak. Hitzaldiaren ostean, ardo eta pintxo dastaketa egin zen Salto hiriko 18 de Julio Merkatuko egoitzan.
Etorkizunari begira
Harriague Upeltegia izan zen eremu eta eraikinak berreskuratu eta kulturalki abian jartzeko bidean orain arte egindako lanek urrats berriak ematera animatu dituzte saltotarrak. Oraingo proiektua, eremu zabala eskuratzea da, bertan ‘Gernika Lekua’ izeneko pasealekua eraikitzeko asmoarekin. Zalduak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Amaitutakoan, Euskal Herriarekin lotuta dauden zeremonia guztiak toki horretan egingo genituzke; are gehiago, posible bada senidetza lortu nahi genuke Gernika eta Saltoren artean eta Pasealekuan Gernikako Haritzaren kimua landatu”, jakinarazi digu Saltoko Euskaldunen Taldea-ko lehendakariak.