euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Produktoreek lortutako hainbat akordiorekin itxi da New Yorkeko Basque Film and Media Arts Festival jaialdia

2007/04/03

New Yorkeko jaialdian parte hartu zuen euskal ordezkaritza (argazkia L.Foncillas)
New Yorkeko jaialdian parte hartu zuen euskal ordezkaritza (argazkia L.Foncillas)

PUBLIZITATEA

Pablo Malo zuzendari donostiarraren 'La sombra de nadie' filmearen emanaldiak itxi zuen joan den ostiralean Manhattanen hiru egunez egin den Basque Film and Media Arts Festival, Euskal Zinema jaialdia. Euskal zine zuzendari eta ekoizleek bilerak eta topaketak egin dituzte New Yorkeko industria independentearen kideekin eta hainbat hitzarmen eta lankidetza adostu dituzte.
Akordioak lortu dituzten enpresetako bat KV Entertainment izan da. Nacho Vigalondoren '7:35 de la mañana' laburmetraia (Oscar sarietarako aukeratua izan zena) eta 'Los Cronocrímenes', bere lehen luzemetraia, telebista batean emateko hitzarmena sinatu zuen. Bestalde, Idem 4 ekoiztetxeak aurkezturiko dokumentalek Estatu Batuetako hainbat banaketa konpainien interesa sortu zuten, batez ere Gernikako bonbardaketa eta Cristobal Balenciaga diseinatzaileari buruzko lanek. Animazioaren arloan euskal enpresek duten maila sorpresa izan zen jaialdian bildutako estatubatuar profesionalentzat eta Baleuko konpainiak harreman eta kontaktu interesgarriak egin zituen horren harira.

Bilboko Kultura zinegotzi eta Bilbao Film Commission lehendakari Jon Sánchez Ibarluzeak jaialdiaren balantzea egin zuen Radio Euskadi-rentzat. 'Nire aldetik eta partehartzaileek esan didatenaren arabera, iritzia baikorra da. Pauso garrantzitsua dela uste dut --pauso txiki bat, mendira pausoz-pauso igotzen dela uste dut eta-- eta nire iritzia baikorra da sektoreak indarra duela ikusten dudalako eta New Yorkeko iritzi baikorra sortzen joan daitekeela ikusten dudalako', aipatu zuen Sánchezek.

Bestalde, Zinebik --Bilboko zine jaialdiak-- eta Tribeca Film Festival-ek --Robert de Niro aktoreak sortutako jaialdia-- euren programazioetarako laburmetraia eta dokumentalen trukaketa egitea negoziatu dute. Bilboko Zinebik gainera, mende erdia beteko du datorren urtean.

Euskal laburmetraien arrakasta

Kimuak euskal laburmetraien zabalkunde programaren arduradun Txema Muñoz ere New Yorken izan da egunotan. Muñoz '7,35 de la mañana' edo 'Éramos pocos' laburmetraien arrakastaren zergatiaz aritu zen New Yorken. 'Hasteko biek dute kalitatea, baina niri otutzen zaidan beste ezaugarri amankomuna gai oso serioak begiratu desdramatizatu batekin jorratzen dituztela da'. Muñozen aburuz, bai ‘7:35 de la mañana’-k ala ‘Éramos pocos’-ek 'istorio nahiko tragikoak kontatzen dituzte, baina era ez dramatikoan. Agian bizi garen herri gatazkatsu honetan ikuspuntu berri hori izan daiteke arrakastaren gakoa'.

Azken hilabeteotan Kimuak-eko laburmetraiek sari ugari lortu dituzte Estatu Batueteko hainbat jaialditan: Nashville, San Diego, Indiannapolis, Salem, Jackson (Mississippi) eta Tiburon, Kalifornian. New York-en zela Muñozek beste berri on bat jaso zuen: 'Eramos pocos'-ek aipamen berezia jasoa zuela Cleveland-eko jaialdian. Horrela, 800ndik gora dira Kimuakeko laburmetraiek lortutako sariak.

Bestalde, zenbait euskal zuzendarik New York Film Academyko zine ikasleekin mintzaldia izan zuten. 150 lagundik gora bildu zen ekitaldian eta 'El tren de la bruja', 'Mirindas asesinas', '7.35' eta 'Éramos pocos' laburmetraiak ikusi ahal izan zituzten. Ondotik euskal zinemagileek euren lanari buruz aritu ziren, ikasleen galdera eta interesari erantzunez.


Lotura interesgarriak

Jaialdiaren webgunea
www.basquefilmfestival.com

New Yorkeko Eusko Etxea-ren berri web gunea
www.eeny.org

New Yorkeko Eusko Etxea
www.newyorkbasqueclub.com

'Un vasco en Nueva York' bloga (Luis Foncillas)
www.eitb24.com

Basque Film and Media Arts Festival, New Yorken
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia