euskal diaspora eta kultura
2013/05/15
PUBLIZITATEA
Parana, Argentina. Lan handia hartua du 'Urrundik' Elkarteak Entre Rios probintzia argentinarreko hiriburuan euskal kultura zabaltzen. Ekintza ugari garatzen ditu euskal etxeak Euskal Herriaren irudia eta kultura gero eta eremu gehiagotara helarazten. Eta instituzioarern egoitzan egiten diren aktibitateak helburu horren froga argia dira.
“Mota askotako ekintzak eskaintzen ditu euskal etxeak. Batzuk ohikoak eta betidanik eskaini izan ditugunak dira, hala nola, txikientzako eta gazteentzako euskal dantzak. Beste batzuk berriagoak dira, adibidez jende helduarentzat zabaldu dugun dantza taldea. Eta euskal kulturarekin lotura zuzena ez duten proposamenak ere bultzatzen ditugu, geureak baita ere, betiere komunitateari zerbitzu gehiago eskaini ahal izateko. Esaterako, tangoa eta Argentinako folklorea irakasten dugu, xake tailerrekin jarraitzen dugu eta etxeko antzerki taldea ere primerako ordezkari dugu kultura mailan”, azaltzen dio Urrundik-eko lehendakari Juan Carlos Borrasek EuskalKultura.com-i.
Asteroko ekintzez gain, euskaldunentzat garrantzitsuak diren datak eregogoan hartzen ditu 'Urrundik'-ek. Azkenekoa, esaterako, Gernikako Bonbardaketa gogorazteko, Federico Borras-ek euskal etxean eman zuen hitzaldia, data goibel lazgarri haren 76. urteurreneko egunean.
[Urrundik-eko lehendakari ohi eta Presencia Vasca irratsaioko arduradun den Federico Borras, Gernikako Bonbardaketari buruz mintzatzen euskal etxearen egoitzan (argazkiaEE)]
“Beste alde batetik, aipamen berezi bat egitea gustatuko litzaidake. Elkartean gazte talde polita daukagu eta euskaltasuna eta Euskal Herriko partaide izatearen sentimendua transmititzearren lan egiten dugu. Gure ustez, partaide sentimendu hori elkarrekin lan egiten sakontzen da eta horregatik, zergatik ez, ardurak banatu eta egoitza hobetzeko lanetan ere lankide ditugu neska-mutilok”, azaltzen digu Juan Carlos Borrasek.
[“Guztion gara Urrundik. Hilabete honetan bertan, egun osoko lanaldia antolatu genuen egoitza hobetzeko. Eraikina nahiko zaharra denez, mantentze lanak egin behar ditugu. Eta hain langileak dira gure gazteak non maiatzaren 1ean bildu ziren lan egitera!”, azpimarratu digu irria ezpainetan Borras lehendakariak (argazkiaEE)]
Paranako Gizataldeak
Euskal elkarteak hiriko gainerako gizataldeekin daukan harremana ere aipagarria du Urrunsdik-ek. Hala adierazten digu. Denbora gutxi da Kataluniako Etxeak gonbidaturik ‘San Jordi’ eguna ospatua dutela 'Urrundik'-eko kideek, apirilaren azken asteburuan hain zuzen. “Paranako Kolektibitateen Federazioa oso lan ona egiten ari da hirian, geu ere partaide. Harreman bikaina daukagu eurekin eta modu berezian katalanekin”, diosku Borrasek.
[San Jordi eguneko euskal partaidetza. Kataluniako Etxeak antolatutako erakustaldia Paranako plaza nagusian burutu zen apirilaren 27an. Bertan stand kultural bat muntatu zuten euskal kolektibitateko ordezkariek. Argazkian Juan Carlos Borras eta Mireya Alcain senar-emazteak aipatu stand-ean, Lara bilobarekin (argazkiaEE)]
Urtemuga datorren igandean
Euskal etxeak egiten duen lanari erreparatuz gero, erraz irudika daiteke elkartea sortu zeneko eguna ospatzeko data heltzen denean lagunak gonbidatuta eta lagunez inguratuta gustatzen zaiela egitea. Hala izango da beste behin datorren igandean, maiatzaren 19an. Bazkaria ‘Circulo’ hoteleko lehenengo pisuko jatetxean izango da eta menua honakoa: enpanadak, oilasko errea entsalada edota patatekin, izozkia, pastela eta topa egitea sagardoz. Txartelak 80 peso balio ditu (umeentzakoa $40) eta edariak ez daude barne.
Bazkari honetan 'Urrundik' elkartearen 13. urteurrenarekin batera, 'Presencia Vasca' irratsaioaren 23. urtemuga ere ospatuko da. Gogora dezagun Federico Borras aurkezle, igandero entzun daitekeela saioa goizeko 11tik 12ra, FM Universidad 105.7 frekuentziatik, internetez zuzenean ordu horretan www.fmuniversidad.com helbidean.
-www.facebook.com/urrundik.parana
-www.facebook.com/presenciavasca.parana
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus